Kanpo merkataritza

Esportazioak %24 ugaritu dira aurten, energiaren krisiak bultzatuta

Pandemia aurreko kopuruetan dago Hego Euskal Herriko kanpo merkataritza, baina inportazioak gehiago hazi dira. Hodien salmenta ere asko handitu da, eta autogintzak eutsi egin dio.

Gas likidotua garraiatzen duen ontzi bat, Bilboko portuan. LUIS TEJIDO/ EFE
jokin sagarzazu
2022ko abuztuaren 18a
14:24
Entzun

Kanpo merkataritzak indartsu jarraitzen du Hego Euskal Herrian, eta, urteko lehen erdiko joerari eusten badio, aise gaindituko ditu pandemia aurreko markak. Ukrainako gerraren ondorioek eraginik izan badute, onerako izan dira, emaitzei erreparatuz gero behintzat. Urteko lehen erdian, %23,7 ugaritu dira esportazioak eta %37,3 inportazioak, iazko epe berarekin alderatuta. Bereziki energiaren sektoreak bultzatuta gertatu da hori, %150eko eta %99,8ko igoerekin, hurrenez hurren.

Hego Euskal Herriko ekonomia esportatzailea da, kanpotik erosten duen baino nabarmen gehiago saltzen du, eta aurten ere hala gertatzen ari da: orain arte 4.084 milioi euroko saldo positiboa izan du, Eustaten eta Nastaten datuen arabera.

Hala ere, inportazioak esportazioak baino gehiago hazi izanak eta hori hain modu argian gertatu izanak agerian uzten du behar energetikoak erabat baldintzatzen ari direla kanpo merkataritza. Ukrainako gerraren aurretik hasi zen joera hori, pandemia osteko suspertze ekonomikoarekin batera, eta, denborak aurrera egin ahala, indar handiagoa hartu du.

Hala ere, inportazioak esportazioak baino gehiago hazi izanak eta hori hain modu argian egin izanak agerian uzten du behar energetikoak erabat baldintzatzen ari direla Hego Euskal Herriko kanpo merkataritza. Ukrainako gerraren aurretik hasi zen joera hori, pandemia osteko errekuperazio ekonomikoarekin batera, baina, denborak aurrera egin ahala, indar handiagoa hartu du.

Urteko lehen erdian, produktu energetikoek izan dituzte igoerarik handienak, bai esportazioetan, bai inportazioetan. Beste sektore batzuetan ere, industrian bereziki eta tutugintzan zehatzago, nabarmen handitu dira kanpo erosketak eta salmentak, pandemia osteko geldialdiaren ondoren. Eta autogintzak ere eutsi egin die osagaien faltak eragindako produkzio etenaldiei.

Gehiago ekarri, gehiago saldu

Esportazioetan, petrolio olio finduek %150eko hazkundea izan dute. Bereziki Petronorrek Bizkaian dituen azpiegituretan ekoizten dira produktu horiek, ekarritako petrolioarekin, eta horietako asko kanpoan saltzen dira gero. Ohi baino petrolio eta gas gehiago iritsi da kanpotik, itsasontziz, eta horrek produktu energetikoen inportazioen igoera handia ekarri du: %99,8koa. Gasaren kasuan, Bilboko portuan dagoen Bahia de Bizkaiara ekartzen da, barkuetan; gas likidotua han tratatzen da, eta ondoren gasbideetan sartzen.

Produktu energetikoen inportazio eta esportazioen hazkundea handiagoa izaten ari da Ukrainako gerrak aurrera egin ahala, hornikuntza arazoen beldur. Ekainean, %263 handitu ziren inportazioak eta %264 esportazioak, aurreko urteko urteko hil bereko datuekin alderatuta.

Hego Euskal Herrian ekoitzitako hodien eta autoen salmentak ere handitu dira: sektore energetikoarekin lotura estua duten tutuen kasuan %211,8koa izan da ekainean, eta %133,1ekoa urteko datu metatuetan. Autogintzan, apalagoa izan da igoera; Nafarroan (Volkswagen), %18,9koa, eta Araban (Mercedes), %15,4koa, urteko lehen erdian. Sektore horrek du bolumenik handiena Hego Euskal Herriko inportazioetan.

Lurraldeka, Bizkaiko esportazioek izan dute igoerarik handiena (%36), baina hura da saldo negatiboa duen bakarra —gehiago inportatzen du esportatu baino—, haren produktu izarra hidrokarburoak direlako: 1.586 milioi euroko saldo negatiboa izan du. Araban, berriz, %33,5 hazi dira inportazioak, baina saldoa positiboa da, 1.802 milioikoa; Gipuzkoan %27,4 igo dira kanpo salmentak, 2.020 milioiko alde positiboarekin; eta Nafarroan %13,8 hazi dira inportazioak, eta 1.821 milioiko saldo positiboa izan du.

Esportazioetan Frantziak hartu du Alemaniaren lekua. Hara joan dira salmenten %15,8, eta Alemaniara %15. Historikoki, Erresuma Batua (%6,3) izan da merkatuetan hirugarrena, baina brexit-ak eragina izan du, eta orain AEBek (%6,5) hartu diote aurre. Inportazioetan ere AEBek igoera nabarmena izan dute —ekainean %327,8koa—, bereziki handik ekarritako gasarengatik. Errusiako inportazioek %36 egin dute behera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.