TURISMOA

Eneko Goiaren gobernukideek baztertu egin dituzte alkateak proposatutako turismo tasak

PSE-EEko eta PPko ordezkariek Eneko Goiaren proposamena kritikatu dute. Udalerriek kudeatutako turismo tasa ezartzea eskatu dio Donostiako alkateak Eusko Jaurlaritzari.

Eneko Goia Donostiako alkatea, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
inaut matauko rada
2022ko abuztuaren 18a
15:58
Entzun

Eneko Goiak Onda Vasca irratian Eusko Legebiltzarrari proposatu zion udalerriek kudeatuko duten turismo tasa bat ezartzea, eta atzo eskaera hori berretsi zuen, Aste Nagusian egin ohi duten gosarian. Goiak dio Donostiako Udalak ez duela eskumenik halako tasarik ezartzeko, eta horregatik eskatu dio legebiltzarrari proposamena kontuan hartzeko. Goiaren esanetan, 2019an aurrerapausoak eman zituzten tasa ezartzeko, baina gehitu du pandemiak dena geratu duela; hori dela eta, tasa hori ezartzeko asmoa azaldu du berriz.

Oposizioko alderdiek eta gobernukide den PSE-EEk Goiaren asmoa kritikatu dute. EH Bilduk dio «adierazpen hutsetan» geratuko direla Goiaren hitzak, «hotelei muga jartzearekin gertatzen den moduan». Hori dela eta, Donostiak jasan dezakeen karga turistikoa denen artean zehazteko eskatu dio koalizio abertzaleak alkateari.

Marisol Garmendia Donostiako Udaleko PSE-EEko bozeramaileak eta bigarren alkateordeak ere Goiaren proposamenaren aurka egin du. Garmendiak turismoak hiriaren ekonomian duen garrantzia nabarmendu du, eta sektorea deabrutzea leporatu dio Goiari. Donostiako sektore turistikoari «ikuspegi inkisidore» batekin begiratzea ere egotzi dio EAJri.

PSE-EEko beste goi kargu batek ere kritikatu ditu Goiaren hitzak: Eusko Jaurlaritzako Turismo, Komertzio eta Kontsumo sailburuak, Javier Hurtadok. Haren ustez turismo tasa ez da ez beharrezkoa, ez lehentasunezkoa, eta gogorarazi du ez EAJk ezta PSE-EEk ez zutela halako proposamenik hauteskunde kanpainan: «Legealdi honetan ez da halako tasarik ezarriko», iragarri du. Bestalde, adierazi du 2019an instituzio guztiek —aldundiek, udalek eta sektoreko ordezkariek— gai horri buruz eztabaidatu zutela, eta «orokorrean baztertua» izan zela gogorarazi du.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPk ere turismo tasaren aurka egin du. Carmelo Barrio Eusko Legebiltzarreko PP+Ciudadanos taldeko bozeramaileak adierazi du «konfiskazio politikei ezetz» esan behar zaiela, eta halako zerbait berriro proposatzea «albiste txarra» dela gehitu du: «Turismoaren sektorea krisitik ateratzen saiatzen ari denean, zergen mehatxuak iritsi zaizkio», dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.