Sexu jazarpena

Argentinako justiziak sexu esplotazioko sare batekin lotu du Placido Domingo tenorra

Ustezko yoga eskola batean kamuflatuta zegoen sekta. Emakumeak prostituitzera behartzen zituzten buruzagiek.

Placio Domingo tenorea Madrilen, opera emanaldi batean. EFE
Lide Egizala Urteaga.
2022ko abuztuaren 19a
12:46
Entzun

Jomugan dago berriro ere Placido Domingo tenor eta orkestra zuzendaria. Argentinan abiatutako ikerketa batek sexu esplotazioko sare bateko ustezko bezerotzat jo du gizona. Joan den asteburuan, Buenos Airesko Polizia Federalak 50 etxebizitza miatu eta 19 pertsona atxilotu zituen, yoga eskola batean kamuflatuta zegoen sare bat identifikatu ondoren. Hain zuzen ere, Izuaren Sekta izeneko taldeko kideak atxilotu zituzten. Sektako kideei beren gauzak kentzeaz gain, emakumeak prostituitzera behartzen zituzten buruzagiek.

Domingo erruduntzat jotzen duten froga erabakigarrienen artean bi audio grabazio daude. Horietako batean, ustez, Domingo sexu zerbitzu bat negoziatzen ari da sektako kide den emakume batekin. Grabazioan, tenor gisa identifikatu duten gizon bat entzuten da: «Afaritik ateratzen garenean, bananduta etorriko gara; horrela egingo dugu, nire agenteak gelara igoko direlako ni igotzen naizenean eta solairu berean geratuko direlako».

Beste grabazioan Mendy deitzen dioten emakume bat entzuten da, tenorra bisitan joango zitzaiola adieraziz: «Placidok esan zuen bisitan etor zitekeela, hau da, ni bisitatzera etorriko zela, New Yorkeko etxera doa eta».

Beste kasu batzuk

Placido Domingo iskanbila ugariren protagonista izan da azken urteetan. 2020an azalpenak eman behar izan zituen Me Too mugimenduak lankideei erasoak eta botere abusuak egitea leporatu ondoren. Orduko hartan, artistak barkamena eskatu zuen komunikatu baten bidez, «bere ekintzen erantzukizuna» bere gain hartuko zuela esanez.

Ikusi gehiago: Bederatzi emakumek sexu jazarpena leporatu diote Placido Domingo abeslariari

Prostituzio sare bat ezkutatzen zuen sekta bat

Argentinako Justiziak Buenos Airesko Yoga Eskolako 24 kide atxilotu zituen joan den ostiralean. Horien artean zen Percowicz: 84 urteko notario ohia, sektaren liderra eta sortzailea. Ehunka pertsona errekrutatu eta menderatzen zituen sekta bat sortu izana leporatu diote taldeari.

Ikerketaren arabera, sektako emakumeek onartu egiten zuten enpresaburu aberatsei, artistei eta politikariei sexu zerbitzuak eskaintzea. Horren truke, liderrak egindako eskala batean igotzeko puntuak lortzen zituzten. Piramidearen puntan Percowicz zegoen, eta aingerua edo maisua deitzen zioten. Liderra antolakundeko zazpigarren mailan zegoen. Horren azpitik apostoluak (seigarren maila), jenioak (bosgarren maila) eta ikasleak (laugarren maila) zeuden. Akusazioaren arabera, eskala altuenetako kideek hainbat egitasmo zituzten beren ardurapean, eta horiek mantentzeko baliabideak ematen zizkioten erakundeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.