Energien krisia

Alemaniako enpresak laguntzeko plana onartu du Bruselak

Argindarraren prezioaren igoerari aurre egiteko, Berlinek 27.500 milioi euro banatuko ditu datozen urteetan. Elektrizitate kontsumoaren %30 iturri berriztagarriekin bete beharko dute enpresek.

Olaf Scholz kantzilerra, Berlinen egindako agerraldi batean, atzo. CLEMENS BILAN / EFE
jokin sagarzazu
2022ko abuztuaren 19a
15:58
Entzun

Europako Batzordeak oniritzia eman dio energiaren erabilera intentsiboa duten enpresentzat Alemaniak diseinatutako diru laguntza planari, 27.500 milioi eurokoa. Batzordeak ondorioztatu du bat datorrela Europako Batasuneko lehiakortasun araudiekin, ez diela hango enpresei mesede egingo beste herrialdeetakoen kaltetan.

Alemaniak berriz ere martxan jarri ditu elektrizitatea sortzeko ikatza erabiltzen duten zentral batzuk, Errusiako gasaren murrizketa dela-eta, eta neurrigabe igo da argindarraren prezioa. Elektrizitate hori garestiagoa da, Europako Batasunean CO2 emisioengatik ordaindu behar diren tasengatik. Berlinen helburua da enpresei emango dien diru laguntzekin «zeharkako gastu» hori partzialki estaltzea, 2021etik 2030era.

Planaren iraupenak eta diru laguntzen zenbatekoak agerian uzten du zeinen gogorra izaten ari den Alemaniarentzat Errusiako gasarekiko mendekotasuna haustea. Argindarraren prezioaren garestitzeak egoera zailean jarri du herrialdeko industria. Urteko lehen erdian %37,2 igo dira produkzio kostuak, estatistika agentzia federalak ostiral honetan jakinarazi duenez.

Diru laguntza planarekin, Olaf Scholz sozialdemokrataren koalizio gobernuak eragotzi egin nahi du konpainiek herrialdetik alde egitea, beren ekoizpena EBtik kanpoko herrialdeetara eramatea, «hain anbiziotsuak ez diren klima politikak dituzten herrialdeetara».

Helburu horrekin bat dator Europako Batzordea, eta Margrethe Vestager Lehia komisarioak azpimarratu du neurriak ez duela talka egiten ez lehiari buruzko araudiekin ez ingurumen politikekin. «Planak Alemaniako ekonomiaren deskarbonizazio ekonomikoa erraztuko du, Itun Berdearen helburuekin bat etorriz, eta lehiaren distortsio posibleak mugatzen ditu».

Zehazki, Berlinek zeharkako isurketen kostuen %75eko laguntza emango die enpresa onuradunei. Diru laguntzak jaso ahal izateko, baina, baldintza batzuk bete beharko dituzte, hala nola beren elektrizitate kontsumoaren %30 iturri berriztagarriekin betetzea. Halaber, 2023tik aurrera, konpainiek inbertsio gehigarriak egin beharko dituzte; besteak beste, gutxienez jasotako laguntzen erdia ekoizpen prozesua deskarbonizatzeko erabili beharko dute.

Alemaniako planaz gain, Batzordeak beste herrialde batzuetakoak ere onartu ditu: Finlandiarena (687 milioi), Herbehereena (835 milioi) eta Estoniarena (125 milioi).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.