Euskal presoak

Euskal presoen eskubideen alde mobilizatu dira ehunka lagun Donostian

Sare Herritarrak antolatutako du manifestazioan, gogora ekarri dute oraindik ere 58 euskal preso direla Espainiako edo Frantziako kartzeletan, urrundurik.

jarraia217297.jpg
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko abuztuaren 20a
13:15
Entzun

Jendetza bildu da Donostiako karriketan euskal presoen aldeko aldarriak ozentzeko. Sare plataformak deiturik, eta piraten, kofradien eta jai batzordearen babesean, ehunka herritar aritu dira protestan, 12:30etik, Etxera bidea gertu lelopean. Bulebarrean ekin diote manifestazioari, eta «euskal presoak etxera» oihu artean egin dute bidea, porturaino. Irmo egin dute salbuespen politiken kontra.

Euskal presoak etxetik urruntzen dituzten espetxe politiketan jarri du arreta Sarek, beste behin. Horri dagokionez, lorpenak ere ekarri dituzte gogora, pozez, manifestazioaren ondotik eginiko analisian. «Irribarre egiten has gaitezke, aurrera egiten ari baikara», esan du Sareko Nahikari Iturbek. Izan ere, azpimarratu dutenez, jadanik urtebete joan da Andaluziako, Murtziako, Levanteko eta Galiziako kartzeletan euskal presorik ez dagoenetik. Halere, ohartarazi dute «bide luzea» dutela egiteko oraindik. «Egin dezagun irribarre, baina lan egiten jarraitzeko, atzerapausorik eman gabe».

Kopuru bat nabarmendu dute: 58 euskal herritar dira Espainiako edo Frantziako kartzeletan preso. Salbuespen politikak dira horren erantzule, batik bat. «Espetxeak bere baitan biltzen duen etxeratze prozesua gauzatzeko ordua da. Eta horretarako salbuespenak araua izateari utzi behar dio; graduen progresioa, irteera baimenak, larriki gaixo diren presoen etxeratzeak, gurasotasun eta familia eskubideak... bide horretan aurrera eginez jarraitu beharra dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.