Migratzaileak

Hiru pertsona atxilotu dituzte migratzaileak Hegoaldetik Iparraldera eta Frantziara pasatzeagatik

Atxiloketa bat Nafarroan egin dute, eta bestea, Gipuzkoan. Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkaritzak jakinarazi duenez, migratzaileei kobratu egiten zieten horregatik.

Frantziako Poliziaren kontrola, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian. BOB EDME / FOKU
2022ko abuztuaren 20a
15:30
Entzun

Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak migratzaileak Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira eta Frantziara pasatzen zituzten hiru pertsona atxilotu dituzte, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan daukan ordezkaritzak jakinarazi duenez. Horietako bat Nafarroan atxilotu dute, eta bestea, Gipuzkoan. Haien esanetan, migratzaileei kobratu egiten zieten.

Atxiloketak egiteaz gain, etxe bat miatu dute Beran (Nafarroa). Sakelako bi telefono, bi ordenagailu eramangarri eta GPS bat eraman dituzte bertatik.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzaren arabera, honela jarduten zuten: Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko muga igaro nahi zuten migratzaileak atzematen zituzten, eta, ordaindu beharreko prezioa adostutakoan, autoz muga igarotzen laguntzen zieten. Azaldu dutenez, normalean Baionara, Hendaiara edo Bordelera (Frantzia) eramaten zituzten, autoz. Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren esanetan, azken lau hilabeteetan 40 bidaia egin zituzten, eta horietako bakoitzean hiru edo lau pertsona eraman zituzten. Auzia Iruñeko epaitegiaren esku geratu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.