Arrauna

Urdaibai, edozein baldintzatan

Zarauzko Ikurrinaren lehen jardunaldian irabazi du, Hondarribiaren eta Orioren aurretik. Azkeneko txanda erlojuaren aurka jokatu dute, bigarrengoan lehen kaleko baliza galdu delako. Eztabaida eragin du erabakiak, balizatzaileek ordezkoa jarri dutelako. 

jarraia217309.jpg
Aitor Manterola Garate.
2022ko abuztuaren 20a
20:36
Entzun

Ez da ondo hasi Eusko Label ligako estropada ezagunena, Zarauzko Ikurrina. Eztabaidak busti du lehen jardunaldia. Azkeneko txanda erlojuaren aurka jokatzea erabaki du Lehiaketa batzordeak, aurreko biak ez bezala, eta Urdaibai izan da azkarrena. Hondarribiari 3,36 segundo atera dizkio, eta 3,52 Oriori. Donostiarra izan da laugarren, 11,18ra. Sailkapen nagusian, Bermeokoek lau puntura igo dute Hondarribiarekiko aldea, eta Donostiarra zortzira dute orain. Ikurrina zeinek eramango duen bihar erabakiko da (12:13).

Eztabaida bigarren txandako bigarren ziabogak eragin du. Cabok lehen kaleko baliza justuan libratu du. Gaineko tapakia askatu zaio balizari, eta orduantxe, urak irentsi ditu bandera, makila, boia eta gainerako guztia. Horrela bukatu dute bigarren txanda, Zierbena garaile zela, Getariaren, Caboren eta Kaikuren aurretik.

Azkeneko txandan, Hondarribiaren kalea zen lehendabizikoa. Balizarik gabe ezin zela jokatu jakinekoa zen. Balizatzaileek azkar jartzea lortu dute ordezkoa, baina trapua edo bandera falta zuen, makilaren azpiko eta gaineko tapakiez gain. Hondarribiko ordezkariek eskatu dute horrela ezin zela jokatu, araudiari jarraituz. Besteak beste, patroiak ez zuen banderarik balizan, norabidean laguntzeko. Hori ere jarri diote balizatzaileek, horietako batek kamiseta zuria erabiliz. Baina Hondarribiak ezetz, araudiak jartzen duelako neurri batzuk izan behar dituela banderak. Ekarri dute bat egokia Getariatik, baina hala ere, konforme ez Hondarribikoak, Ioseba Amunarriz patroia trainerutik esaten aritu baita bigarren ziabogan kateatzeko arriskua zuela, boiaren eta makilaren arteko tapakia ez zuelako. Beste hiru taldeek ohorezko txandakoek ohiko eran jokatzea nahi zuten, baina Lehiaketa batzordeak erabaki du erlojuaren aurka jokatzea. Araudiak dio 30 minutuan ez badago eremua prest, hala egin behar dela. Baliza jarri dute, baina beste arazo bat egon da: Hondarribiaren kalea motzagoa zen, baliza barrukoa aurrerago zegoelako. Horrela ez du jokatu nahi izan Hondarribiak, beste kluben batek estropadari helegitea jartzeko arriskua izan zezakeelako gero, lan motzagoak egingo zituzkeelako.

Azkenean hortaz, erlojuaren aurkakoa. Kalea zozkatu gabe hirugarrenetik egitea erabaki da, baina araudiak dio zozketa egin behar dela. Egin da, eta laugarrenetik egin dute estropada. Azkeneko txandakoen lana asko atzeratu da, bata dela eta bestea dela.

Oriok egin ditu denbora onenak lehen hiru luzeetan. Bigarrengoan ireki die zuloa besteei, eta sei-zortzi segundoko koska ere izan du fabore Hondarribia eta Urdaibairekiko. Azkeneko luzea heldu den arte. Tartea jan diote Oriori ligako lehen bi sailkatuek, eta biak aurretik sartu zaizkio. Alde handirik gabe, baina aurretik.

Txarra zegoen itsasoa, baina azkeneko txandakoek baino dezente txarragoa izan dute beste bi txandetan. Ur-lasterrak txikiak izan arren koefizientez, nahikoa tiratzen zuen. Olatuak nahasiak ziren, baga garbirik ez zegoen, eta traketsa zegoen arraunerako. Bueltako luzeetan, traineru bat baino gehiago ibili da norabidea galtzeko arriskuan, patroiari istriborreko hankekoak eta kontrankekoak lagunduz. Oraintxe zuloan, hurrena olatu ez garbiaren gainean, horrela ibili dira barrurako luzeetan taldeak. Kanpora, aldiz, erritmo baxuetan, bizi joanez gero arriskua zegoelako trainerua saltoka hasteko eta ura hartzeko.

Beste gertakizun ezohiko bat ere izan du gaurkoak, Caborenaz eta azkeneko txandakoaz gain. Lehen txandan izan da. Isuntza Ondarroaren kalean sartu da azkeneko luzean, bigarrenak aurretik zirela. Olatuak lehorrerantz markatzen zuenez, traineruan haien mende jarri du Iñaki Goikoetxea Lekeitiko patroiak. Ziztu batean jan dio aldea Ondarroari. Elkarren gainean ziren Ondarroaren kalean, eta Jenaro Zelaia patroiak kalea defendatu du: trainerua Isuntzaren aldera jarri, eta batzuen istriborreko palek eta besteen ababorrekoek elkar ukitu dute. Epaileak Isuntza bere kalera bideratu du, eta hantxe joan zaizkio txanda irabazteko aukerak. Ondarroa nagusi, azkenean, eta hiru segundoko zigorra Isuntzari.

Hala ere, ez zaio gaizki atera eguna Osertz Aldairen taldeari. Santurtzi atzetik utzi du, eta Ares atzeago. Cabo ere sartu da lekeitiarren eta beste bien artean, eta hortaz, bi sartu dizkio Isuntzak Santurtziri. Sailkapenean, hirura gerturatu zaio azken-aurrekoa azken-hirugarrenari. Bitartean, Aresek azkena egin du gaur ere, eta ia traineru osoa dauka datorren urteko Galiziako ligan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.