'Dutch Spirit' ontzitik ura hartzen ari zen hodi bat hautsi da Bermeon

Larunbat goizaldean gertatu zen matxura, Dutch Spirit itsasontzitik Almikeko ur biltegira ura presioan eramaten ari zen hodian. Gauerako konpondu zuten.

Portuburu aldean hautsitako hoditik, ura maldan behera. BERRIA
2022ko abuztuaren 21a
16:37
Entzun

Dutch Spirit itsasontzia ostegunean hasi zen Santurtziko portutik Bermeoko portura ura garraiatzen, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak zerbitzu hori kontratatu baitu eskualdeko ur eskasiari aurre egiteko —gauean ura etena dute 45.000 herritarrek—. Bermeoko portuan hodi batzuen bidez ateratzen dute ura, presioan, eta Almikeko ur biltegira igotzen dute hodi batetik. Biltegi horretatik hornitzen da Bermeo.

Aurreko asteetan ontzia garbitu dute eta probak egin dituzte, eta ostegunean hustu zuen lehen ur karga. Espero da bidaia bakoitzean 4.000 metro kubo ur eramatea Santurtzitik Bermeora. Ontziak larunbatean egin zuen bigarren bidaia, eta ura Bermeoko biltegira punpatzen hasi zen. Bide horretan gertatu zen matxura, 05:30 aldean: Almikera ura daraman hodia hautsi egin zen itsasontzia ura punpatzen ari zenean.

Portuburu aldean gertatu zen matxura. Ura zurrustaka hasi zen ateratzen, erreka gisako bat sortu zen, eta lur sail batzuetan eta bi etxebizitzatan kalteak eragin zituen, Demiku auzoan. Garajeetan sartu zitzaien ura. Goizaldeko seiak aldera grabatu zuten bideo batean, ikusten da hodiak galdutako ura maldan behera erreka gisa jausten. Eguna argituta, aurreko bideotik ordu batzuetara, oraindik ura ari zen maldan behera jausten, errekasto gisa:

Partzuergoak El Correo egunkariari azaldutakoaren arabera, ez dira arraroak halako matxurak, eta zehaztu du Busturialdeko ur hornidura ez dela eten matxura hori gertatu arren. Langileek larunbat gauerako lortu zuten erabat konpontzea.

Itsasontziak uraren heren bat zuen biltegian ezbeharra gertatu zenean, eta Almikera punpatzeari utzi zioten ezbeharraz jabetu zirenean. Falta zen ura Busturiko hornidura sarera hustu zuten, eta handik eskualdeko herrietara zabaldu zuten. «Oso ur gutxi galdu zen», partzuergoaren arabera, baina ez dute zehaztu kopurua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.