Pakistan

Pakistango lehen ministro ohia atxilotzeko agindu dute, «terrorismoaren aurkako legea» baliatuta

Estatuko instituzioen eta agintarien kontrako «gorrotoa hauspotzea» egotzi diote. Imran Khanek salatu du «nazioarteko konspirazio bat» dagoela bere aurka.

Pakistango lehen ministro ohia, Imran Khan, larunbatean Islamabaden egindako manifestazioan. SOHAIL SHAHZAD, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 22a
11:48
Entzun

Atxilotze jakinarazpena jaso du gaur goizean Pakistango lehen ministro ohi Imran Khanek. «terrorismoaren aurkako legea» baliatuta. Zehazki, egozten diote larunbatean Islamabaden egindako manifestazio baten amaieran epaile baten eta poliziaburuen aurkako adierazpenak egin izana. Atzo, berriz, komunikabideak arautzeko erakundeak debekatu egin zuen haren hitzaldiak zabaltzea, leporatuta estatuko instituzioen eta agintarien aurkako «gorrotoa hauspotzea». Khanen abokatuek salatu dute gezurrezkoak direla haren aurkako akusazioak, eta haren alderdia desegitea dutela helburu. Lehen ministro ohiak baldintzapeko askatasuna eskatu du.

Joan den apirilean kendu zuten kargutik Khan, konfiantza mozio bat galdu ondoren, eta geroztik hainbat manifestazio bultzatu ditu bere aurkako «nazioarteko konspirazio bat» dagoela salatzeko. Joan den larunbateko protestaren ostean, lehen ministro ohiak iragarri zuen salaketa bat aurkeztuko zuela zenbait poliziabururen eta epaile baten aurka, atxilotu eta ustez torturatua izan den alderdikide baten auziarekin lotuta.

Shahbaz Gilli buruz ari zen Khan. Hilabete hasieran atxilotu zuten Gill, telebista agerraldi batean soldaduei eskatu zielako ez zitzatela bete armadaburuen «legez kanpoko aginduak». ARY telebista katean egin zituen adierazpenok, eta segurtasun indarrek berehala itxi zuten telebista katea. Gill, berriz, traizioa leporatuta atxilotu zuten; heriotzarekin zigortzen dute Pakistanen delitu hori.

Gobernuburu izandakoaren esanetan, nazioarteko segurtasun indarrek «antolatua» izan zen apirilean beren aurka egindako konfiantza mozioa. Barne ministro Rana Sanaullahren esanetan, hitz horiekin Khanek armadaren, botere judizialaren eta Poliziaren aurka jo zuen, eta «mehatxu» egin zien estatuko langileei «beren funtzioak» bete ez ditzaten.

Jarraitzaileen babesa

Khanen aurkako atxilotze aginduaren berri izan bezain laster, haren ehunka jarraitzaile bildu ziren lehen ministro ohiaren etxe aurrean, babesa agertzeko. Izan ere, kargutik kendu duten arren, sostengu zabala du oraindik ere gobernuburu izandakoak. Joan den hilabetean, PTI Pakistango Justiziaren Aldeko Mugimenduak, haren alderdiak, gehiengoa eskuratu zuen Punjab eskualdeko parlamenturako bozetan, agintean den PML-N Pakistango Musulmanen Ligari aurrea hartuz.

2018an heldu zen agintera Khan. Ordu hartan, haren aurkariek salatu zuten hainbat urtez herrialdea kontrolatu zuten armadaburuen babesari esker heldu zela agintera. Legealdiaren amaiera gerturatu ahala, baina, armadarekiko harremanak garraztuz joan dira. Horrez gain, oposizioak leporatu dio ekonomia oker kudeatu izana —bere legealdian Nazioarteko Diru Funtsak eten egin zuen aurrez hitzartutako 5.900 milioi euroko mailegua—.

Khanen aurkako salaketak okerragotu egin du krisia. Inflazioa inoizko handiena dute Pakistanen, eta erregaiaren eta argindarraren prezioak nabarmen igo dira. Horrez gain, herritarren gehiengoa ez dator bat gobernuaren kudeaketa hartu duen hamahiru alderdiko koalizioarekin, eta gero eta ozenagoak dira bozak aurreratzearen aldeko hotsak. Hauteskundeak aurreratzea litzateke Khan beraren helburua ere, baina gaur-gaurkoz gobernuak ez du horretarako asmorik iragarri.

Bestelako auziak

Goi agintarien aurka egiteagatik ez ezik, alderdiaren finantzaketagatik ere ikertzen ari dira Khan. Joan den asteko asteazkenean Ikerketa Federalerako Agentziak deklaratzera deitu zuen, baina Khan ez zen agertu. Ostiralean deitu zuten bigarrenez, baina orduan ere uko egin zion agertzeari. Deklaratzeari hirugarrenez uko egingo balio, hura atxilotzeko agindua emango luke agentziak.

Iturri ofizialen arabera, AEBetako, Australiako, Kanadako, Erresuma Batuko eta Belgikako konpainiek diruz lagundu dute Khanen alderdia, baina hark ez zion horren berri eman Hauteskunde Batzordeari. Khanek, ordea, ukatu egin ditu bere aurkako salaketa guztiak, eta bere alderdiaren aurka egitea leporatu dio Hauteskunde Batzordeko presidente Sikandar Sultani.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.