Lehortea dago Txinako ekialdean eta erdialdean, eta uholdeak mendebaldean

Sichuan probintzia da lehorterik okerrenean dagoen eremua, energia zentral hidroelektrikoen bidez lortzen baitu. Uholdeetan hildakoak 23 ziren joan den ostiralean.

Herritarrak lehortutako Jialing errekan barrena oinez. STRINGER
Isabel Jaurena.
2022ko abuztuaren 22a
15:22
Entzun

Txinako erdialdean, ekialdean eta Yangzi ibaiaren ertzean alertan daude gaur ere tenperatura altuengatik. Global Times hedabidearen erranetan, herrialdeko 200 gune meteorologikok 40 gradutik gorako tenperaturak neurtu dituzte. Gainera, joan den urteko euriteekin alderatuta, Yangzi ibaiko prezipitazioak %40 jaitsi dira.

Ikerlariek diote lehorteak eragina izanen duela nekazaritzan. Erraterako, Sun Shao meteorologiako adituak dio lehorketak eragina izanen duela soja eta arto landaketetan. Ur falta dela medio, Chongqing eremuko Jialing erreka motorrez zeharkatu ahal izan dute herritarrek. Lehortearengatik, gainera, 600 urte baino gehiago dituzten eskultura budistak agertu dira, lehen urpean zirenak.

Eremu menditsuetan suteak ere egon dira. Chongqing eremuan, adibidez, 1.500 pertsona inguru lekualdatu behar izan dituzte, suhiltzaile, soldadu eta salbamendu taldeetako 5.000 kideren laguntzari esker. Sun Shao adituaren arabera, lehorteak okerrera eginen du datozen hamar egunetan. Chen Liujan meteorologoak, berriz, adierazi du litekeena dela bero handiko egunak izatea «normaltasun berria».

Sichuan probintzia ari da pairatzen ondoriorik larrienak. Tenperatura oso altuak erregistratu dituzte bertan, eta inon baino euri gutxiago egiten du. Eremu hartako energiaren %80 zentral hidroelektrikoen bidez lortzen denez, bereziki egoera kezkagarrian dago probintzia. Txinako bertze eremuek 50 kamioi bidali dituzte hara energia ekoitzi ahal izateko. Joan den astean, fabrika aunitzetan lan egiteari utzi zioten. Izan ere, energia eskari handia zegoen, baina ezinezkoa zen hainbertze produzitzea. Hortaz, agintariek herritarrei eskatu diete elektrizitate kontsumoa murrizteko.

Uholdeak mendebaldean

Mendebaldean, ordea, guztiz bestelakoa da egoera, uholdeak baitaude. Joan den ostiralera arte, 23 ziren Qinghai eremuko uholdeak eragindako hildakoak. 6.000 pertsonari baino gehiagori eragin die ezbeharrak, eta 1.500 lekualdatu behar izan dituzte.

Euritea joan den asteazkeneko 22:30 aldera hasi zen, Datong izeneko eremu menditsuan. Ostegunean, 07:00 aldera, bigarren mailako larrialdia ezarri zuten agintariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.