Pentsiodunak

Pentsioak «benetako KPIra» lotzea galdegin dute Bilbon

Milaka lagun manifestatu dira «kalitatezko zerbitzu publikoen alde» eta pentsioak inflazioaren pare igo ditzaten

Bilboko pentsiodunen protestas, gaur. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2022ko abuztuaren 22a
15:27
Entzun

Bilboko Aste Nagusiko astelehenean ere ez dute ahaztu pentsiodunek beren erreibindikazioekin duten konpromisoa azken urteotan. Milaka lagunek parte hartu dute pentsioak «benetako KPIra» lotzeko eskatu duen martxan. Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, manifestariek gogorarazi dute oraindik ez dela onartu 1.080 euroko gutxieneko pentsioa. Bizitzaren garestitze apartekoak leku berezia izan du beren erreibindikazioen artean. %10etik gora dago KPIa urte arteko tasan, eta 2022ko KPIaren batezbestekoa igotzeko konpromisoa dauka Espainiako Gobernuak; izan ere, legez jaso dute aurten. Kontua da inflazio erreala nahi dutela pentsiodunek.

Moiua plazatik Areatzara joan da manifestazioa, jai giroan, batukadak eta txistulariek lagundurik. «Murrizketei ez Osakidetzan» eta «Bankuak, lapurrak, itzuli milaka milioiak» eta halako leloak zituzten kartelekin ibili dira pentsiodunak. Zahar etxe publikoen aldeko oihuak ere izan dira, eta hango langileei txalo egin diete; Bizkaiko Foru Aldundiaren aurkako oihuak egon dira martxan.

BPMko bozeramaile Jon Fanok azaldu du 1.080 euroko gutxieneko pentsioak mesede handia egingo liekeela «batik bat emakumeei», haiek baitira pentsio apalenak dituztenak. Osakidetza «desegiten eta pribatizatzen» ari direla salatu du, era berean, eta prozesu hori gerarazi egin behar dela.

Lau urte dira Bizkaiko pentsiodunen protestak hasi zirela. Fanok jakinarazi du urriaren 15ean Madrilera joango direla, Iberiako penintsulako beste zenbait talderekin batera erreibindikazio egun bat egitera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.