AEB-ak

Taylorren hilketaren auzian gezurra esan zuela aitortu du AEBetako polizia ohi batek

Poliziak tiroz hil zuen 26 urteko afro-amerikarra. Kelly Goodlett da oraingoz haren heriotzaren erantzule egin duten polizia bakarra.

Breonna Taylorren hilketa salatzeko elkarreratze bat, iaz, New Yorken. JUSTIN LANE, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 24a
15:11
Entzun

Etxean lo zegoen Breonna Taylor 2020ko martxoaren 13an, Polizia bat-batean eta indarrez sartu zenean. 26 urteko larrialdietarako osasun teknikariarekin batera zegoen haren mutil laguna, eta, hark gerora azaldu zuenez, erasotzaileak zirela pentsatu zuen hasieran, eta horregatik egin zien tiro. Etxe barrura sartutako hiru poliziek 32 tirorekin erantzun zioten; haietako seik Taylor jo zuten. Tokian bertan hil zen emakumea. Bi urte geroago, lehen aldiz, operazio hura egiteko agindua idatzi zuen polizietako batek, Kelly Goodlettek, bere erantzukizuna onartu du. Bart gauean egindako auzi saioan, polizia ohiak aitortu du manipulatu egin zuela operazio hartan gertatutakoari buruzko txostena.

Konspirazioa egin izana onartu eta bere burua erruduntzat jo du Goodletttek, Louisvilleko epaitegian egindako deklarazioan. Hala, hura da hilketaren erantzule deklaratu den polizia bakarra. Ikerketa federalaren arabera, lerro bat gehiago idatzi zuen hilketari buruzko polizia txostenean, beste polizia batekin batera adostuta, Taylorren hilketa salatzeko protestak ugaritzen hasi zirenean. Izan ere, emakume afro-amerikarraren hilketaren ostean, milaka lagun irten ziren kalera, Poliziaren indarkeria salatu eta afro-amerikarren aurkako erasoak amaitu zitezela eskatzeko.

Beste bi polizia ohi eta karguan jarraitzen duen beste bat ere auzipetuta daude Taylorren hilketarekin lotuta. Kyle Meany, Joshua Jaynes eta Goodletti egozten diete «informazio faltsua» eman izana Taylorren etxean sartzeko agindua lortu ahal izateko. Brett Hankinsoni, berriz, operazioan «gehiegizko indarra» erabili izana leporatzen diote.

Martxoan, epaitegi batek ebatzi zuen Hankinsonek ez zuela «zuhurtziagabekeria ausartegiz» jokatu, eta, beraz, errugabetzat jo zuten kargu horri zegokionez. Epaimahaiak errugabetu egin zituen tiroketan parte hartu zuten beste bi poliziak, baina Hankinson erruduntzat jo zuten Taylorren bizilagunak arriskuan jartzeagatik.

Goodlettek abuztuaren 5ean utzi zuen kargua, Merrick Garland fiskal nagusiak beste kargu batzuk aurkeztuko zituztela iragarri eta hurrengo egunean. Espero da azaroaren 22an jakinaraziko dutela polizia ohiaren aurkako epaia. Bost urte arteko espetxe zigorra, 252.000 euroko isuna eta hiru urteko baldintzapeko askatasuna jar diezazkiokete.

Auzipeturik ez Brooksen hilketarekin lotuta

Taylor hil zuten urte berean, 2020an, hil zuten Rayshard Brooks, 27 urteko afro-amerikar bat, tiroz; George Floyden hilketatik hiru bat astera gertatu zen hori, 2020ko ekainaren 12an. Errepideko kontrol batean geldiarazi zuten Brooks. Poliziek gainean eraman ohi dituzten kameretako irudietan ikus zitekeen gizona bolantearen gainean lo zegoela eta errepidea oztopatzen ari zela poliziak gerturatu zirenean. Brooksek 41 minutuz erantzun zituen polizien galderak eta eskakizunak. Baina, alkoholemia proban positibo eman zuenean, eta hura atxilotzekotan zirela, Brooksek pistola elektrikoa kendu zion polizietako bati, eta deskarga bat ematen saiatu zen lasterka ihes egiten zuen bitartean. Polizietako batek, Garrett Rolfek, bitan egin zion tiro lasterka zihoan bitartean.

Brooksen hilketarekin lotutako 11 delitu egotzi zizkioten Rolfi, eta betebeharrak urratzea eta eraso egin izana haren kide Devin Brosnani. Gaur, Peter Skandalakis fiskalak ebatzi du legea bete zutela bi poliziek, eta haien jokabidea «zuzena» izan zela, pistola elektriko bat «arma hilgarri bat» izan daitekeelako. Fiskalaren arabera, arrazak ez zuen zerikusirik izan gertatutakoarekin.

Giza eskubideen erakundeek gaitzetsi egin dute erabakia, eta kasua berrikusteko eskatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.