Kargugabetzea

Pilar Irigoien Sodenako burua kargutik kendu du Nafarroako Gobernuak

Enpresa publikoko buruak kontratu bat sinatu zuen CENekin 2020an, COVID-19aren aurkako maskarak erosteko. 1,2 milioiren galera eragin du operazioak.

Pilar Irigoien, 2015ean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko abuztuaren 24a
21:14
Entzun

Aulkia kendu diote. Pilar Irigoien, Sodena sozietate publikoko zuzendari kudeatzailea, kargutik kendu du Nafarroako Gobernuak, 2020ko maiatzean sinatutako kontratu batean atzemandako irregulartasunengatik. COVID-19aren izurriaren hasieran egin zuten akordioa Sodenako buruak eta Jose Antonio Sarriak, CEN Nafarroako Enpresarien Elkargoko presidente zenak, maskara kirurgikoen hornidura bermatze aldera. Itun horren arabera, Nafarroako enpresek behar zituzten maskara guztien estimazioa egin zuen CENek; Sodenak, berriz, bi milioi euro pagatu zizkion Albyn Medical enpresari, maskarak eros zitzan.

Nafarroako Gobernuko Kontu Hartze Zuzendaritzak 2022ko uztailaren 27an sinatutako txosten batek, baina, kolokan jarri du hitzarmen hura. Gobernuko ikuskatzaileen arabera, «irregulartasunak» daude kontratuan: alde batetik, Ogasun Publikoko Foru Legean ezarritako interes tasak gainditzen ditu; bestetik, 2020an izurria dela-eta ezohiko kontratuak egiteko ezarri ziren baldintza orokorrak urratzen ditu, eta, azkenik, Sodenak ez zuen gobernuaren baimenik jaso halako operazio bat sinatzeko. Kontu Hartze Zuzendaritzaren arabera, kontratu hark 1,2 milioi euroren galera eragin dio sozietate publikoari. Izan ere, Espainiako Gobernuak legez mugatu zuen maskaren gehienezko prezioa, eta, 2020ko udatik aurrera, enpresek ez zuten Sodenak eskatutako maskara horien guztien beharrik izan. Ordurako, baina, sozietate publikoak aurreratua zuen dirua. Uneotan, 1,7 milioi maskara daude, diru publikoekin ordainduak, Iruñerriko bi biltegitan pilatuta.

Operazio horren ardura Pilar Irigoienena dela ebatzi du Nafarroako Gobernuak, eta kargutik kendu du. Javier Remirez lehendakariordearen ustez, auziak frogatzen du «gobernuaren barne kontrolek ongi funtzionatu dutela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.