Indarkeria matxista

Bilboko Aste Nagusian salatu duten sexu eraso bat ikertzen ari da Ertzaintza

Ehunka lagunek «indarkeria matxistarik gabeko Aste Nagusia» aldarrikatu dute Bilbon, Bilboko Konpartsek deituta. Estreinako aldiz, abian jarri dute sexu erasoen kontrako protokoloa, «erasoen areagotzea ikusirik».

Konpartsek deituta, atzo Bilbon sexu erasoen kontra egin zuten manifestazioa. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Jon Ordoñez Garmendia - Uxue Rey Gorraiz
2022ko abuztuaren 25a
09:15
Entzun

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Seguratasun Sailburuak atzo gauean SER Espainiako irrati katean jakinarazi zuenez, Bilboko Aste Nagusian salatu duten sexu eraso bat ikertzen ari da Ertzaintza. Salaketa jarrita dago, eta Ertzaintzak abiatu du ikerketa. Datu askorik ez du zabaldu, baina Bilboko Aste Nagusian izan den sexu eraso bat da.

Hain zuzen, atzo, berriz ere, indarkeria matxistaren kontrako aldarriek hartu zituzten Bilboko kaleak Aste Nagusian. Erasoei autodefentsa feministaz erantzunen dietela ohartarazi zuten ehunka lagunek asteartean eta atzo berriz egin zuten ozen oihu sexu erasoen aurka, Bilboko Konpartsen deiari segika. Erasoen gainetik... Aste Nagusia defendatu izan dute lelo.

Protestan azaldu zutenez, sexu eraso ugari izan dira azken egunotan hirian. Suminez azpimarratu zuten, bada, irmo erantzunen dietela eraso guztiei, «denok». Egoeraren larritasuna nabarmendu zuten elkarretaratzean. Hain zuzen, erasoen kontrako protokoloa aktibatu berri dute konpartsek, «erasoei behar bezala egiteko aurrera».

«Nazkatuta gaude. Ez isildu, ez onartu, egin ezazu zarata, eta erantzun. Emakumeak geure gorputzen jabe gara, gure askatasunaren jabe. Kaleak, gaua, eta festak gureak ere badira. Geure festen eta bizitzen jabe gara», adierazi zuten protestaren hondarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.