Energia aurrezteko neurriak

EAJk eta EH Bilduk «egiturazko neurriak» hartzeko eskatu diote Madrili

Kongresuak babesa emango die energia aurrezteko Espainiako Gobernuak proposaturiko lehen neurriei, alderdi abertzaleen aldeko botoarekin, besteak beste. Egungo egoerak luzarorako estrategiak eskatzen dituela azpimarratu dute.  

EH Bilduko Mertxe Aizpurua ostegun honetan Kongresuan egin duen hitzartzean. MARISCAL / EFE
jokin sagarzazu
2022ko abuztuaren 25a
14:08
Entzun

Espainiako Gobernuak energia aurrezteko proposaturiko lehen neurriek ozta-ozta egingo dute aurrera Diputatuen Kongresuan, beste behin ere Pedro Sanchezen inbestidura babestu zuten alderdien babesarekin. EAJk eta EH Bilduk alde bozkatu dute, «arduragatik» eta dekretuaren «oinarriekin» bat datozelako, baina ohartarazi dute ez daudela ados gobernuak erabilitako «moduekin», eta eskatu diote talde parlamentarioen eta autonomia erkidegoen eskaerak aintzat hartzeko irailean Bruselara bidaliko duen plan zabalagoan. EAJk eta EH Bilduk uste dute egiturazko neurriak behar direla, «ez aldi baterakoak», Bruselak energia aurrezteko eginiko eskaerarekin bat egiteko eta, oro har, egungo krisi energetikoari eta klima larrialdiaren ondorioei aurre egiteko.

Onartutako lehen neurriek erabilera publikoko eraikinen klimatizazioari eta argiztatzeari eragiten diote, eta garraio publikoa erabiltzeko laguntzak jasotzen ditu. Horien bitartez, energia kontsumoa %7 murriztu nahi du Espainiako Gobernuak, Bruselak ezarri bezala, gas hornidura arazoei aurre egiteko eta gas erreserbak ziurtatzeko, datorren neguari begira. Horrekin batera, Europako Batasunak kontingentzia planak eskatu dizkie estatu kideei, egoera energetikoa zailduko balitz neurri gogorragoak hartu ahal izateko. Madrilek irail amaieran bidaliko du berea.

Legegintzaldi osoan gertatu bezala, Pedro Sanchezen koalizio gobernuak inbestidura babestu zuten taldeengana jo behar izan du dekretua aurrera ateratzeko. PPk aurka bozkatu du, «ekonomiari kalte egiten dioten inposizioak direlako». ERCren babesa lortu ahal izateko, gobernuak dekretua lege egitasmo gisa tramitatzea onartu du, zuzenketak sartu ahal izateko.

EAJko Idoia Sagastizabalek Sanchezi gogoratu dio jarrera aldatzen ez badu «egunen batean» kontuak ez zaizkiola aterako, eta EH Bilduko Mertxe Aizpuruak ohartarazi dio Bruselara bidaliko duen plana ez duela aurrera aterako «indar progresistekin» adostu ezean.

Sagastizabalen arabera, «anbizio handiagoa» erakutsi beharko luke gobernuak, eta azpimarratu du kontsumoa ez ezik energien prezioak ere murrizteko helburua izan beharko lukeela. Jeltzaleen ustez, industria sektorearen eskaerak eta beharrak kontuan hartu beharko lituzke planak. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak aurki bidaliko dizkion proposamenak aintzat hartzeko eskatu dio.

Aizpuruak, berriz, esan du «neurri ausart eta iraunkorrak» hartzeko garaia dela, «ekoizpen eta kontsumo ereduak eraldatzeko». Jakinarazi du gobernuarekin bi neurri adostu dituela aldeko botoaren truke: batetik, konprometitu egin da trantsizio energetikoari buruzko legean ezarritako helburuak «gorantz berrikustera, birformulatzera eta azkartzera», eta, bestetik, erkidegoekin batera «epe ertain eta luzerako estrategiak» aztertzera eta planifikatzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.