Euskal Herriko Antzinate Berantiarreko lehen gaztelua aurkitu dute

Euskal Herriko Unibertsitateko Ondarearen eta Paisaia Kulturalen ikerketa taldeak amaitutzat eman du Berbeiako (Araba) indusketa arkeologikoen bigarren kanpaina.

Brontzezko plaka zurruneko gerriko paparrekoa, Berbeian aurkitua. GIPYPAC
Leire Perlines Apalategi.
2022ko abuztuaren 25a
14:30
Entzun

Ikertzaileek Euskal Herriko Antzinate Berantiarreko lehen gaztelua aurkitu dute, eta 849 metroko altitudean dago, Gaubean (Araba), Barrio (Araba) eta Bachicaboren (Araba) artean. Erdi Aroko beste leku batzuetan ez bezala, inguru horretan ez dago eraikinik, ezta babes sistema handirik ere, baina, hala ere, Goi Erdi Aroko botere gune nagusietako bat atzeman daiteke bertan.

Juan Antonio Quiros Castillo Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia saileko katedradunak eta Ondarearen eta Paisaia Kulturalen ikerketa taldeko zuzendariak esan duenez, Berbeiak aukera ematen du Euskal Herriko Erdi Aroko lehen gazteluen ezaugarriak eta funtzioak ulertzeko.

Dokumentuetan ikus daitekeenaren arabera, gaztelu bakar bat besterik ez zegoen eremu horretan XII. mendean; dokumentu zaharrago batzuetan, ordea, argi ageri da gune hori erreferentzia espazial eta sozial garrantzitsu bat zela Gaubeako eta Lantarongo (Araba) Goi Erdi Aroko konderriko biztanleentzat. 1000. urtearen inguruan, justizia administratzeko lekua zen Berbeia, eta, ondorioz, hainbat lehiakideren arteko gatazkak ebazten ziren bertan. Gainera, gotorleku militarra ere bazen: Ebro ibaiaren ibilguak eta Omecilloren haranak hartzen zituen lurraldea kontrolatzen zuten bertatik. Hori gutxi balitz bezala, konderri hori gobernatzen zuten eliteen bizilekua ere bazen, eta elite horiek harreman sare bat zuten Valpuestako (Burgos, Espainia) apezpikutzarekin eta Gaubeako beste erdigune batzuekin. Konderriak, bestalde, bazituen bigarren mailako beste zentro batzuk, Los Castros haitzean aurkitutako gotorlekua, esaterako. Quiros: “Bi tokietan zeramikazko tronpak aurkitu direnez, ondoriozta dezakegu soinu abisuak erabiltzen zituztela bi gotorlekuen artean albisteak igortzeko”.

Berbeian egindako indusketa arkeologikoen bigarren kanpainari esker, zenbait material arkeologiko berreskuratu dituzte, gaztelua Goi Erdi Arotik erabiltzen zela erakusten dutenak, zehazki. Gainera, brontzezko plaka zurruneko paparreko orratz txiki bat aurkitu dute, eta horrek modua eman du Erdi Aroko lehen okupazioa VI. eta VII. mendeetan kokatzeko: “Ezagutzen diren ale bakanak Aldaieta, Axkoeta, Buzaga edo antzeko nekropolietatik datoz. Aurkikuntza honi esker, pentsa dezakegu gazteluko biztanleek balio handiko objektuak erabiltzen zituztela egunero bereizketa estrategia landu baten bitartez”, nabarmendu du Quirosek.

Beste aurkikuntza batzuk

Egun aztertzen ari diren beste aurkikuntza batzuei esker, hobeto ulertuko dira gotorlekuan bizi ziren eliteen bizimodua eta okupatzeko moduak. Gainera, Erdi Aroko okupazioaren azpian Burdin Aroko kastro baten aztarnak aurkitu dituzte, eta denboraren joanean tokiak izan duen garrantzi estrategikoaren adierazgarri da kastro hori. Quiros: “Datu horiek guztiak kontuan hartuta, gero eta indar handiagoa hartzen ari da Berbeiako gotorleku sistema Lantarongo gazteluarekin erlazionatzen duen hipotesia”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.