Irigoienen kargugabetzea

EH Bilduk Mikel Irujoren premiazko agerraldia eskatu du Sodenaren akordioari buruzko argibideak emateko

Koalizioak «gardentasuna» galdegin dio Nafarroako Gobernuari, eta salatu du kontrol mekanismoek ez dutela behar bezala funtzionatu. Sodena enpresak CEN Nafarroako Enpresarien Elkargoarekin 2020ko maiatzean maskarak erosteko erdietsitako akordioaren inguruan argibideak eskatu ditu.

Mikel Irujo Nafarroako Ekonomia kontseilaria. IñIGO URIZ/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko abuztuaren 26a
13:48
Entzun

Erreakzio soka luzea ekarri du Pilar Irigoien Sodena sozietate publikoko zuzendariaren kargugabetzeak. Gaur, EH Bilduk Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Enpresa Garapenek kontseilari Mikel Irujoren premiazko agerraldia eskatu du, «beharrezko azalpenak» eman ditzan Sodena enpresak CEN Nafarroako Enpresarien Elkargoarekin 2020ko maiatzean maskarak erosteko erdietsitako akordioaren inguruan.

Ikusi gehiago:Garesti atera diren maskarak

Koalizioak ohar batean gogora ekarri du iaz eskatu ziola Nafarroako Kontuen Ganberari pandemiaren kudeaketari buruzko txostena egiteko, eta lan hori 2021eko maiatzean aurkeztu zela Nafarroako Parlamentuan. Orduko hartan, Bakartxo Ruiz bozeramaileak adierazi zuen txostenak zehaztasuna falta zuela, eta «onartezin» iritzi zion pandemia hasi eta urtebetera oraindik ezin jakitea zenbat kontratu sinatu ziren. Txosten horrek zehazten zuenez, 70,48 milioi euroko gastua egin zen pandemiaren lehen olatuan egindako kontratuetan, baina horietatik soilik 14,88 milioi zeuden argitaratuta gardentasun atarian; zenbateko osoaren %21 baino ez.

Hori dela eta, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak azalpenak ematea, argi ikusten baitu kontrol mekanismoek ez dutela behar bezala funtzionatu. Autokritika egitea eta funts publikoen erabilerari buruzko erantzukizuna hartzea ezinbestekotzat jo ditu koalizioak. Gainera, EH Bilduk gogorazi du akordioa Nafarroako Enpresarien Elkargoarekin adostu zela, eta artean ez duela inolako erantzukizunik hartu auzian.

Hori hala, EH Bilduk Irujo kontseilariaren agerraldiaz gain, maskaren erosketa prozesuaren espediente osoa eta Sodenako Administrazio kontseiluaren akten kopiak galdegin ditu, akordioari buruzko xehetasunak ezagutzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.