Betis 1-0 Osasuna

Bolada onak Sadarren jarraitu beharko du

Gorriak jokalari bat gehiagorekin aritu dira 73. minututik aurrera, baina Betisek 1-0 irabazi du.

Moi Gomez, Betisen aurkako partidan. JOSE MANUEL VIDAL, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko abuztuaren 27a
07:39
Entzun

Denboraldiko lehen partida galdu du Osasunak ostiral gauean Sevillan (Espainia). Hiru jardunaldi besterik ez dira jokatu, eta lehen bietan, Sadarren, garaipen bana lortu ondoren, hirugarrengoan egin diote ihes puntuek Iruñeko taldeari. Betisen aurka 0-1 galdu zuen atzo Osasunak. Borja Iglesiasek 34. minutuan sartu zuen espainiarren gola. Betisek sailkapenaren buru jarraitzen du, hirutik hiru partida irabazita.

Pena zuen partidaren ostean Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileak. Izan ere, Iglesiasek gola sartu aurretik izan dute gorriek markagailuan aurrea hartzeko aukera. Edonola, pozik agertu da jokalariek egindakoarekin. Galtzen zihoazenean ere, Betisen ate inguruan jokatu dute. Espainiarrek defentsan egindako lana goraipatu du.

«Baloia pixka bat gehiago mugitzea falta izan zaigu, baina oso ondo defenditzen duen aurkari bat genuen, eta pena izan da izan dugu aukera ez aprobetxatzea. Lanean berdin jarraitu behar dugu, eta Rayoren aurkako partidan pentsatzen hasi», esan du amaieran.

Partidaren lehen uneetan Betis gehiago izan bada ere, Osasunak gora egin du minutuak aurrera egin ahala. Arerioak nola jokatzen duen jakinik, baloia eurek zutenean Herrera atezainaren aurrean bildu ditu jokalariak entrenatzaileak. Aurrean, zortzigarren minutuan, Chimy Avilak izan du gorrien lehen gol aukera. Betisek, baina, presio lan handia egin du, eta ez die utzi Osasunako erdilarie erasoko jokaldiak behar bezala antolatzen.

Lehen ordu erdia bete ondoren izan du Osasunak gol aukera garbiena, Arrasatek gero aipatu duena. Lehenengo Moi Gomezek errematatu du buruz zutoinera, eta ondoren Ruben Peña jaurti du baloia sarerantz; Rui Silva Betiseko atezainak, baina, kanpora bidali du jaurtiketa. Betisek berehala erantzun du, eta orduan sartu du gola Iglesiasek: area paretik sekulako zartakoa eman dio baloiari, eta Herrerak ezer gutxi egin ahal izan du gelditzeko.

Bigarren zatian Arrasatek Budimir eta Kike Garcia zelairatu ditu Avilaren eta Aimarren ordez, eta Osasunak gora egin du. Baina horrek aukera gehiago eman dizkio Betisi gola sartzeko. 73. minututik Betis hamar jokalarirekin aritu da, epaileak German Pezzella erdiko atzelari argentinarra kanporatu baitu, Manu Sanchez zapaltzeagatik. Jokalari bat gehiagorekin, Osasuna saiatu da berdinketa lortzen, baina puntuak Sevillan geratu dira, eta Osasuna etxean eman beharko dio segida denboraldi hasierako bolada onari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.