Euskal presoak

Espainiako Auzitegi Nazionalak Txori Barrote konpartsa ikertuko du, euskal presoen argazkiak erakusteagatik

Dignidad y Justiciak jarritako salaketa tramiterako onartu du Ismael Moreno epaileak, eta Poliziari eskatu dio ikertzeko konpartsaren jarduna.

Bilboko Txori Barrote konpartsaren argazki bat, 2019an. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko abuztuaren 30a
11:54
Entzun

Bilboko Aste Nagusian Txori Barrote konpartsak «terrorismoa goretsi» ote duen ikertuko du Espainiako Auzitegi Nazionalak, Ismael Moreno magistratuak auto batean jakinarazi duenez. Auzitegiak tramiterako onartu du Dignidad y Justicia elkarteak konpartsaren kontra jarritako salaketa, eta Morenok Poliziari eskatu dio informazioa bil dezala salatutakoari buruz.

Zehazki, euskal presoen argazkiak erakusteagatik jarri zuen salaketa Dignidad y Justiciak. Konpartsak argazki horiek «modu nabarmenean» erakutsi zituela gaitzetsi zuen elkarteak, eta biktimak zein haien senideak «iraindu» zituela. Elkarteak, gainera, argazkiak lehenbailehen kentzeko eskatu zion Auzitegi Nazionalari, eta, halaber, ikertu zezala nora doazen euskal presoen eskubideen aldeko materiala saltzearen ondorioz lortutako irabaziak.

Txori Barrote ez ezik, Kaixo konpartsa ere salatu du Dignidad y Justiciak, «presoen eskubideen aldeko bokatak» saltzeagatik.

Ez da argazkiak erakusteagatik Txori Barroteren kontrako ekinbide judizialak hasten dituzten lehen aldia, eta, hain justu, jurisprudentzia hori bere alde erabili nahi du Dignidad y Justiciak. Konpartsako lau kidek Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten 2010ean, esaterako, arrazoi horregatik —absolbitu egin zituzten—. Urte berean, Iñaki Azkuna Bilboko orduko alkateak zigorra ezarri zien Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsei, eta bi urtez kanporatu egin zituen Bilboko Aste Nagusitik. 2019an, Ertzaintza konpartsara joan zen, eta begien gainean «zentsuratua» hitza jarria zuten euskal presoen argazkiak erretiratu zituen, Alejandro Abascal Auzitegoi Nazionaleko epaileak aginduta. Orduan ere Dignidad y Justicia elkarteak jarri zuen salaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.