Etiopia

TPLFk salatu du Etiopiako armadak Tigrayko ospitale bat bonbardatu duela

Martxoan hitzartutako su etenaren ondoren, joan den astean borrokan hasi ziren berriz ere.

Etiopiako armadako kideak. EFE/EPA/STR
Lide Iraola.
2022ko abuztuaren 31
17:49
Entzun

TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteko eledun Getachew Redak salatu du gaur Etiopiako Armadak zibilen aurkako bonbardaketak hasi dituela berriz; besteak beste, Mekelle hiriburuko ospitale bati eraso egin diola esan du. Twitterren idatzi du bart gauean gutxienez hiru bonba jausi direla han, eta jomuga ez dela «nahi gabekoa» izan, inguruan ez baitago gune militarrik.

Gainera, Etiopiako lehen ministro Abiy Ahmedi leporatu dio herrialdeko gatazka «nazioartera zabaldu» nahi izatea. Izan ere, Redaren arabera, Abiyk dozenaka tropa bidali ditu Eritreara –mugakidea da–, han babesa lortzeko asmoz «Tigrayko herritarren aurkako genozidioa» egiteko.

«Arriskutsua da pentsatzea Eritreako presidente Isaias Afwerki dela bakea oztopatzen duen bakarra, eta ez Abiy Ahmed», gehitu du TPLFko eledunak. 2020an TPLFren eta Etiopiako Gobernuaren artean gerra hasi zenetik, Eritreak agintarien alde egin du, eta armada bidali du Tigrayra.

Martxoan, su etena hitzartu zuten bi aldeek, baina, azken asteetan, borrokak hasi dituzte berriz ere. Etiopiako armadak esan zuen Sudandik zetorren hegazkin bat eraitsi zuela joan den astean, susmoa baitzuen miliziarentzako armak garraiatzen zituela. TPLFk jakinarazi zuen «erasoaldi handia» sufritzen ari dela; ostiralean salatu zuen Etiopiako indarrek Mekelleko haur eskola bat bonbardatu zutela, eta hainbat hildako izan zirela, tartean haurrak.

Bake akordioak blokeaturik daude; gobernuak ekainean iragarri zuen elkarrizketarako batzorde bat sortuko zuela, baina Tigrayko miliziak esan zuen ez zuela negoziatzeko asmorik blokeoa kendu ezean. Duela bi urtetik, erabat bakartuta dago Tigray, argindarrik eta telefono bidezko komunikaziorik gabe, eta zailtasunak daude giza laguntza hara iristeko. Munduko Elikadura Programaren arabera, Tigrayko 5,5 milioi herritarren erdiak daude egoera larrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.