Giza eskubideak

Txina «giza eskubideen urraketa larrien» erantzule da Xinjiangen, NBEren arabera

Nazioarteko erakundeak uigurrei buruzko txosten bat atera du, eta bertan dio etnia musulmanaren kontrako jazarpena gizadiaren kontrako krimena izan daitekeela.

Uigurren egoera salatzeko iragan uztailean egindako protesta bat, New Yorken (AEB), NBEren egoitzaren aurrean. JUSTIN LANE / EFE
ander perez zala
2022ko irailaren 1a
12:54
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundeak uigurren kontrako «giza eskubideen urraketa larrien» erantzule izatea leporatu dio Txinari, eta ohartarazi du jazarpen hori gizadiaren kontrako krimena izan daitekeela.

Michelle Bachelet Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandatariaren agintaldia amaitzear zela atera zuten argitara, atzo gauean, etnia musulman horren egoerari buruzko txostena. Nazioarteko erakundeak dokumentu horretan dio «atxiloketa arbitrarioak» eta beste hainbat «abusu larri» izan direla Xinjiangeko Uigur Eskualde Autonomoan uigurren eta beste musulmanen kontra, eta, beraz, «askatasunaz gabetu» dituztela etnia horiek, «eskala handian»; gutxienez, 2017tik 2019ra.

Besteak beste, NBEko ikerlariek 26 atxilotu ohi elkarrizketatu zituzten, eta horien bi herenek jakinarazi zieten «tortura edota bestelako tratu txarrak» izan daitezkeen abusuak jasan zituztela. Elkarrizketatuek honelakoak deskribatu zituzten, esaterako: aulkietan hankak eta eskuak lotu zizkietela, eta borra elektrikoekin jo zituztela; bakarrik konfinatuta eduki zituztela; eta «aurpegian ura botatzen zieten bitartean galdekatu» zituztela.

Horrez gain, nazioarteko erakundeak dokumentuan dio «sinesgarriak» direla urteotan «sexu indarkeria eta mediku prozedura batzuk direla-eta» jaso dituen salaketak. Elkarrizketaturiko zenbait emakumek NBEko ikerlariei aipatu zieten «jaiotza kontrol behartuak» izan zirela, eta «esterilizazio behartu posibleak» ere bai.

«Emakume batzuek esan zuten abortatzera behartu zituztela familia plangintzarako politikak zehazten duen haur kopurua [hiru] gainditzen bazuten», dio dokumentuak. NBEren arabera, Txinako esterilizazio tasa 32koa da 100.000 biztanleko; Xinjiangeko Uigur Eskualde Autonomokoa, berriz, 243koa.

Horiek kontuan harturik, nazioarteko erakundeak uste du «diskriminazioa» oinarri dutela uigurren eta bestelako musulmanen atxiloketek, eta Txinako Gobernua deitu du «modu arbitrarioan beren askatasunaz gabetutakoak» askatzera.

Dokumentuak gatazka eragin du hura osatuko zutela jakinarazi zutenetik bertatik. Horren erakusle da Bacheletek iragan astean jakinarazitakoa: presio egin ziotela txostena argitaratzearen aldekoek eta kontrakoek; are, 40 bat herrialdek gutun bat bidali zioten eskatuz dokumentu hori ez plazaratzeko —ez zuen zehaztu zeinek—. Gaur, berriz, komunikatu baten bitartez, agintari ohiak deitoratu du presio politikoek eragina izan dutela ikerketan: «Politizazioak ez du lagundu. Egitekoa zailagoa bilakatu zuen».

Atzo arte Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandataria zena joan den maiatzean izan zen Txinan, eta bidaia hori baliatu zuen Xinjiangera joateko; adierazi zuenez, giza eskubideen urraketak ikertzen saiatzeko, ahalik eta modurik independenteenean.

Besteak beste, Kashgar eta Urumqi hiriak bisitatu zituen Bacheletek, eta tokian tokiko eta herrialde mailako gobernuetako ordezkariekin batzartu zen, baita enpresariekin, akademikoekin eta gizarte zibileko taldeekin ere. Horiek izan zituen elkarrizketa bakarrak; guztiak, aurrez antolatuak.

Bien bitartean, egun haietan, nazioarteko zenbait hedabidek uigurren kontrako jazarpenaren datuak azaleratu zituzten: Txinako Poliziaren barne kontrolerako argibideak argitaratu zituzten, baita atxilotuen zerrendak —izenak eta adinak barne— eta argazkiak ere. Esaterako, 2018ko urtarriletik uztailera artean ateratako 5.000 argazki baino gehiago zituen bilduak Poliziak, eta ondorioztatu zuten atxilotuta egon zirela horietako 2.884 gutxienez.

Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, 2016az geroztik etnia uigurreko milioi bat lagun pasatu dira doktrinatzeko zentroetatik —hamabi milioi pertsona bizi dira Xinjiangeko Uigur Eskualde Autonomoan—, eta 2018an bertan NBEk ere salaketa hori egin zuen, «txosten sinesgarriak eta ugariak» oinarri hartuta; zehazki, «epaiketarik gabe, torturatuta eta betiko itxita» zeuzkatela esan zuen.

Txinaren iritziz, txostena «tresna politiko bat» da

Txinarentzat, «tresna politiko bilakatu den asmakizun bat» da NBEren dokumentua, eta «gezurrez» beteta dago, Atzerri Ministerioaren bozeramaile Wang Wenbinek adierazi duenez.

Haren aurretik, Txinaren NBEko misioa ere kritiko agertu da txostenaren edukiaz aritzean, eta esan du «desinformazioa eta Txinaren kontrako indarrek sorturiko gezurrak» dituela oinarri: «Txinako politikak eta legeak desitxuratzen ditu; arrazoirik gabe gezurrez belzten du, eta barne aferetan esku hartzen du».

Pekinek argudiatu du «terrorismoaren eta estremismoen» kontra ari dela borrokan Xinjiangen —2014an onartu zituen horretarako legeak—, eta zuzenbide estatua errespetatuta egin duela hori. 121 orrialdeko txosten bat argitaratuta erantzun dio NBEri, eta horretan dio «oinarririk gabea» dela «diskriminazio etnikoa» bultzatzen duelako akusazioa.

Uigurren eskubideen aldeko taldeentzat, aldiz, nazioarteko erakundearen dokumentua albiste pozgarria da, eta «inflexio puntu bat» nazioartea ematen ari den erantzunarentzat. Omer Kanat Uigur Giza Eskubideak Proiektuko zuzendariak zera esan du: «Txinako Gobernuak behin eta berriz ukatu duen arren, NBEk ofizialki onartu du krimen ikaragarri horiek gertatzen ari direla».

Munduko Uigur Kongresuko presidente Dolkun Isak ere eskerrak eman zizkion ikerketan parte hartu zutenei: «NBEren txostena biziki garrantzitsua da. Kontu bihurtzea orain hasten da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu