Euskarazko irakaskuntza

AEK-k 2022-2023ko ikasturterako matrikulazioa ireki du

Aurreko urtean baino ikasle gehiago espero ditu AEK-k; azken ikasturtean %5 igo zen matrikulazioa.

AEK-ren ikasturte berriaren matrikulazioaren aurkezpena, AEK-ko kide, ikasle eta irakasleekin, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2022ko irailaren 1a
16:08
Entzun

Ikasturte berrirako matrikulazio kanpaina martxan jarri du AEK Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundeak. Jada eman daiteke izena urrian hasiko den ikasturterako. 100 herritan baino gehiagotan ditu euskaltegiak AEK-k. «Euskara ikasteko garaia berriz hemen dugu, euskara maila hobetzeko eta euskara erabiltzen jarraitzeko», adierazi du Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan egindako aurkezpenean. AEKn izena ematen duen ikasle orok Aizu! aldizkaria doan jasoko du hilero euskaltegian bertan, eta hainbat aukera eta deskontu izango ditu.

Datozen asteetan, kanpaina «aktibo eta handi» batean murgilduko direla adierazi du Iribarrenek. Kanpainaren euskarri grafikoetan euskara hitza modu ausartean eta nabarmenean islatu nahi izan dute, euskara ardatz izateko: «Euskara erdigunean jarri behar dugu, guztion eskura, ahalik eta herritar gehien euskaltegietarako bidean jartzeko».

Azken urteetan, matrikulazioa gora egiten ari zen etengabe. Pandemiak zertxobait apaldu zuen. Hala ere, egoera zail horretan euskara ikasi eta hobetu nahi duten herritarren gogoak hortxe dirauela azaldu du koordinatzaile nagusiak: «Azken bi urteetan, arrakasta handiz egin ditugu ohiko ikastaroak, milaka lagunekin batera». Azken ikasturtean matrikulazioak berriro egin du gora: %5 aurreko urtearekin konparatuta.

Iribarrenek irakasleen profesionaltasuna eta berotasuna gogoratu nahi izan ditu: «Ikasleek bidelagunik onenak izango dituzte, AEK-ko irakasleak, ikasprozesuan aurrerantz egin dezaten eta euskara pasio handiz ezagutu eta erabil dezaten». Zuriñe Eguskizak 21 urte baino gehiago daramatza AEKn irakasle. «Sartzearren sartu nintzen, eta beste mundu bat deskubritu nuen», nabarmendu du Eguskizak. Lankideen arteko harremana oso erraza dela dio: «Ez gara lankideak, lagunak gara». Ikasleak ere oso ondo konpontzen direla azaldu du, antzeko helburuekin joaten direlako euskaltegietara: euskara ikastera, jendea ezagutzera eta ondo pasatzera.

Simona Sobotovicova AEK-ko ikaslea da. Lau urte daramatza euskara ikasten. Indautxuko AEK euskaltegian hasi zen, eta, orain, Trapagaranen dago. «Nire senarra hemengoa da, eta semea ikastolan dago; hari laguntzeko eta kultura hobeto ezagutzeko hasi nintzen euskara ikasten», azaldu du emakume eslovakiarrak. Hasieran «zaila» iruditu zitzaiola dio, baina, orain, moldatzen da. «Gehien kostatzen zaidana mintzapraktika da», onartu du. Lau urte hauetan klaseko giroa ona izan dela dio, bai ikasleekin, baita irakasleekin ere.

Euskara ikasteko hainbat aukera

AEK-k euskara aurrez aurre nahiz online ikasteko aukera eskainiko du. Euskaltegietan aurrez aurreko taldeak sortuko dituzte. Horrez gain, autoikaskuntzarako aukera ere egongo da, euskaltegian zein etxean. Eredu konbinatuak aurrez aurreko eskola eta autoikaskuntza uztartuko ditu, eta online ikastaroen bidez ikasteko aukera ere egongo da. Foruko barnetegia, Urdaibaiko biosfera erreserban dagoena, urte osoan egongo da zabalik.

Erakunde askok ematen dituzte diru laguntzak euskara ikasteko. Euskal Autonomia Erkidegoan, B2ra arteko prozesua doakoa da, maila egiaztatuz gero. Aurten, C1 mailarako prozesua ere doakoa izango da, maila gaindituz gero, 30 urtetik beherakoentzat. Nafarroan diru laguntzak areagotu egin dituzte, eta Iparraldean ere bada diru sail bat. «Oso garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek aukera horien berri edukitzea, ezinbesteko osagaia baitira euskarara eta euskaltegietara hurbiltzeko», azpimarratu du koordinatzaile nagusiak. Diru laguntzen gaineko informazioa, ikastaroena eta hizkuntza agiriena euskaltegietan eta AEKren webgunean aurkitu daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.