Gisele Mendi-Bilek - Baionako campuseko dekanoa

«Enpresekilako partaidetzak zinez azkartu nahi ditugu»

Maiatzean hartu zuen kargua Mendi-Bilekek dekano gisa. Gisa horretako lehen sartzea eginen du; ba omen da lana. Baionako campusa garatzeko proiektuaren alde ari da; 2030erako ikasle kopurua doblatu nahi dute.

jarraia217755.jpg
Oihana Teyseyre Koskarat, Ipar Euskal Herriko Hitza
2022ko irailaren 2a
13:16
Entzun

Irakasle ikerlaria da Gisele Mendi-Bilek (1974, Baiona), kudeaketa zientzietan, logistika eta garraioen arloan. 2008an sartu zen UPPA Paue eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitatean irakasle, IAE management eskolan. Master baten arduradun ere bada. Maiatzetik, 2EI izena duen campuseko dekanoa da: Baionako unibertsitatea eta IEA enpresa-kudeaketa eskola biltzen ditu, 2018an UPPA berriz egituratu zutenetik. Baionako campusa IAE eskolari lotu zioten orduan.

Zure lehen sartzea izanen da dekano gisa. Nola hartzen duzu?

Maiatzean izendatu ninduten 2EI egiturako dekano. Enetako parada ederra da, eta biziki interesgarria iruditzen zait halako egitura baten zuzendaritza hartzea. Erran nezake berantetsia dudala sartzearen egitea ostegunean [atzo]. Ikasle berriak ezagutzeko gogoa ere badut: sartzea eginen dute lehen urtean guti gorabehera bostehun bat ikaslek. Uste dut, halaber, 2EI egituraren desafioa handia dela. Testuinguru zaila da krisi sanitarioarengatik, baina garapenerako eta eraldaketarako proiektu anitz baditugu. Momentu interesgarria da, dena dugulako egiteko. Gure asmoa da formakuntza ibilbideak nazioartera ekartzea, eta, aldi berean, lekuan errotzea tokiko enpresekin partaidetzak eginez. Helburua 2030. urterako ikasle kopurua eta formakuntza kopurua doblatzea da.

Azpiegiturak segituko ote du?

Jinen da, bai. Euskal Hirigune Elkargoarekin eraikin berri bat eraikitzeko proiektua bada, Aturri bazterrean, Baionako geltokiaren parean. Baina hori 2027rako pentsatua da. 10.000 metro koadroko eraikina egitea da asmoa, oraino ikasle gehiago errezibitzeko eta garatzen segitzeko. Oraingoz, behartuak gara tokia optimizatzera.

Formakuntzak ere garatuko dituzue.

Formakuntzak geroz eta gehiago nazioartera begira bideratu nahi ditugu. 2023an lizentzia bikoitz bat irekiko dugu: zuzenbidea eta ekonomia kudeaketa. Selektiboa izanen da, 60 bat ikaslerentzat, eta helburua izanen da atzerriko hizkuntzetan maila biziki ona izatea; horren bidez eginen baitugu selekzioa. Baxoa pasatu ondotik bien artean ezin hautatuz ari diren eta lanerako gaitasuna duten ikasleei zuzendua izanen zaie, ibilbidean zehar berezitzeko aukerarekin.

Ikasle batzuk bazter utziak izanen dira, beraz.

Beste formakuntzak ez dira selektiboak. Bakarra da; beraz, ez ditugu ikasle batzuk bazter uzten. Gainera, lehen urtetik, zuzenbide lizentzian edo ekonomia kudeaketan diren ikasleek aukera izanen dute lizentzia bikoitz horretara sartzeko, beren emaitzen arabera.

Iragan ikasturtean unibertsitateak diru laguntza ukan du Irekia proiekturako. Zer da zuzen?

Bikaintasun labela da, eta UPPAk lortu du finantzaketa hori. Helburu nagusia, erran bezala, euskal kostaldean formakuntza garatzea da, eta, beraz, ikasle kopurua ere bai. Fablab delakoak ezarriko ditugu martxan: hor elkartuko dira irakasleak, ikerleak, ikasleak eta enpresetako ordezkariak. Helburua da tokiko errealitate sozioekonomikoarekin harremanak indartzea eta diren beharretara egokitzea.

Zein arlotan?

Bizitegi iraunkorrak eta karbono isuri apaleko materialak; elikadura segurtasuna; ur ingurumena; nazioarteko ikasketak; arlo digitala; eta kirola eta osasuna izanen dira garapen arloak. 2EI egituran, batez ere, nazioarteko ikasketak landuko ditugu. Hasiak gara: beste zuzenbide lizentzia bat ere irekiko dugu, EHUrekin partaidetzan: franko-espainola izanen da. Laguntza humanitarioko master bat ere irekiko dugu: horretan ere behar dira legelariak, ekonomistak eta kudeatzaileak. Beraz, zinez, diziplinartekotasuna da gure ardatza. Euskal ikasketak lizentzia bikoitza internazionala ere sortuko dugu: EHUren eta UPPAren diploma ukanen dute ikasleek.

Aipatu dituzun formakuntzetan, pentsatua ote duzue euskarazko formakuntzarik eskaintzea?

Etxepare Institutuarekin hitzarmena dugu, eta euskarari eta kulturari buruzko iniziazio klaseak badira gure lizentzietan. Biziki pozik gara partaidetza horretaz. Ikasle kuriosak nahi ditugu, kultura orokorra badutenak, bizi diren tokiaz interesa dutenak, eta uste dut euskara eta euskal kultura horren parte direla. Gure nortasuna da; espero dut partaidetza oraino gehiago garatzea.

Baina baxora arte euskaraz ikasi duten ikasleek arlo desberdinetako formakuntzak euskaraz egin nahi badituzte —zuzenbidea euskaraz, ekonomia euskaraz…—, zer eskaintzen zaie?

Pentsatzen dut aipatutako partaidetza horren baitan sar daitekeela hori. Egitura txikia gara, eta ez dugu EHUk bezainbat baliabide. Halere, erranen nuke EHUrekin ditugun diploma bikoitz horien koadroan sar daitekeela, eta gure esku dela eraikitzea. Nazioartera begira jartzea, bistan da, ingelesez eta espainolez ikastetik pasatzen da, baina gure nortasuna ere badugu, eta euskara ere badugu. Zernahi gisaz, helburua da tokiko sare sozioekonomikoari egokitzea, lekuko enpresekin harremanak indartuz. Garrantzi handia ematen diogu ikasleen formakuntzari, eta aprendizgoa biziki inportantea da. Enpresekilako partaidetza zinez azkartu nahi dugu, eta formakuntza guzietara hedatu.

Horrek erran nahi du enpresa pribatuekin partaidetzak egitea. Ez al da arriskurik zerbitzu publikoa interes pribatuen menpe uzteko?

Ez gara eskola pribatua, eta ez gara sekula izanen. Baina gaur egun, zerbitzu publikoan izanik ere, helburuak baditugu: managerrak, legelariak, kontulariak, hizkuntzalariak formatu nahi ditugu, enpresen beharrei erantzunez. Ezin ditugu ikasleak trebatu jakin gabe enpresek zeren beharra duten, eta ezin dugu ikaslerik formatu bukaeran enplegurik ez izateko.

Irakasle postuak ere emendatuko dituzue?

Tentsioan gara, hori ukaezina da. Baina ordezkoak ere baditugu. Frantziako Goi Mailako Irakaskuntzaren Ministerioarekin lanean ari gara postuak lortzeko. Esperantza dugu ditugun proiektu guziei esker postuak lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.