Politika

EH Bilduk «neurri estrukturalak eta erradikalak» eskatu ditu

Otegik Espainiako joera politikoa salatu eta burujabetza aldarrikatu du urte politikoaren hasierako EH Bilduren ekitaldian.

Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia, gaur goizean. DAVID AGUILAR / EFE
maddi iztueta olano
2022ko irailaren 2a
14:26
Entzun

EH Bilduk gaur eman dio hasiera 2022-2023ko urte politikoari, Gasteizen. Ekitaldian, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak baieztatu du «burujabetza lortu arte ez direla urte politikoak bukatuko», eta, beraz, hura eskuratu arte «neurri estrukturalak eta erradikalak» hartu behar direla gauzak aldatzeko. Neurri horien artean aipatu ditu, esaterako, aberastasuna banatzeko politikak erdigunean jartzea, zerga erreforma sustatzea, eta energiaren, ekonomiaren eta higiezinen sektorean esku hartzea. Halaber, adierazi du giza eskubideak eta herritarren interesak bermatzea dagokiola administrazio publikoari.

EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren arabera, ezinbestekoa da aipatutako erronkei aurre egiteko «munduari eta Euskal Herriari osotasunean begiratzea». Horretarako, iragarri du urte politiko honetan kalean, instituzio publikoetan, enpresetan eta gaztetxeetan ere antolatuko direla, eta baieztatu du mugimendu sindikalekin eta mugimendu feministarekin elkarlanean arituko direla aurrerantzean ere.

Izan ere, Otegiren arabera, egoeraren larritasunak ezin du bultzatu bere horretan geratzera. «Panorama bere larritasunean azaltzen diogu jendeari, baina ez esateko zer gaizki gauden, baizik eta esateko hau aldatu behar dela». Horregatik, egoera larria «aukera» bihurtu beharra nabarmendu du, «gauzak aldatzeko».

Gainera, urte politikorako helburuak alde batera utzi, eta tarte bat gorde du Espainiako egungo joera politikoaren kritika egiteko, eta «Espainiako azaleko eta maila baxuko debate politikoa» salatzeko. Otegiren ustez, askok «ekaitza» deitu dioten krisia «batzuen interesetik sortua» da, eta, hortaz, «erabat artifiziala eta aldakorra». Horren harira, Otegik jakinarazi du EH Bilduren konpromisoa «berdintasunaren, askatasunaren, subiranotasunaren eta justiziaren banderak» altxatzea dela.

Otegiren aurretik hitza hartu du Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko alkategaiak, eta adierazi du datozen erronkei «denok batera» aurre egitea dela aurtengo proiektuaren helburu nagusia. Erronka horien artean aipatu du, besteak beste, egungo klima, ekonomia eta sozioekonomia krisiari aurre egitea, «herritarren zaintza, babesa eta elkartasuna» erdigunean jarrita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.