Abiadura handiko trena

Alternatibarik egokiena AHTaren lotunea ez egitea dela adierazi du AHT Geldituk

Plataformak uste du 'euskal Y'-aren eta Nafarroako AHTaren arteko lotuneari buruzko eztabaidak proiektua berresteko asmoa duela. AHTa «historiako obrarik suntsitzaileena, xahutzaileena, antisozialena eta alferrikakoena» dela kritikatu du.

AHTren Ezkioko (Gipuzkoa) lotunearen obrak. GOTZON ARANBURU / FOKU
2022ko irailaren 5a
09:58
Entzun

Euskal Y-aren eta AHTaren Nafarroako korridorearen arteko lotunea Ezkio (Gipuzkoa) edo Gasteiz izango den argitzeko dagoen honetan, eztabaida horretan hirugarren aukera bat sartzeko eskatu du AHT Geldituk: ez egitea. «Hainbat teknikarik bi aukeretako baten defentsa erabatekoa egin du, eta ordezkari politikoek lehen baztertzen zuten aukera bat defendatzea egozten diote aurkariari. Pseudoeztabaida horrek AHTren aldeko hautua irmoki berrestea beste helbururik ez du, ez egitearen alternatiba burutik pasatuko ez balitzaie bezala».

AHTaren kontrako plataformaren ustetan, bi aukerei buruzko eztabaida sustatu dutenen asmo bakarra «proiektuak aurrera egitea» da. «Onarpen sozialik gabeko azpiegitura lan bat egin nahi dutenean, bi alternatiba proposatzen dituzte: bata txarra, eta bestea okerragoa, eta, azkenean, sasi eztabaida piztu ondoren, txarra aukeratu, ingurumenarekin kezkatuta dauden ekologista gisa historiara pasatzeko».

Lotunea edozein izanda ere, proiektuaren funtsa ez da aldatzen, AHT Geldituren arabera: «Euskal Herriaren historiako obrarik suntsitzaileena, xahutzaileena, antisozialena eta alferrikakoena da». Gainera, «amildegi ekosozialera geroz eta azkarrago hurbiltzen ari garen honetan», halako proiektu bati eustea «kriminala» dela uste du plataformak: «Populazioaren zati geroz eta zabalagoen muturreko pobrezia eta prekaritatea arindu, krisi ekologiko globalari aurre egin, murrizketak eta pribatizazioak deuseztatu eta energia eta elikadura burujabetza ziurtatu beharrean, nahiago dute AHTa kosta ahala kosta ezarri».

Azken urteetan, etengabe atzeratu dute AHTaren Nafarroako zatia euskal Y-arekin non lotu aukeratzeko erabakia, arrazoi ekonomikoengatik eta politikoengatik. 2012an, Iñaki Arriola Garraio sailburuak ziurtatu zuen Ezkion egingo zutela lotunea. Aukera hori lausotu egin da azkenaldian, ordea. Izan ere, gutxienez 2.000 milioi euroko kostua izango luke obra horrek. Besteak beste, Aizkorri-Aratz parke naturalaren azpian 21 kilometroko tunela egitea ekarriko luke. Merkeagoa litzateke Gasteizko aukera —gutxienez 704 milioi eurokoa—, eta azkenean Espainiako Gobernuak haren alde egingo duela dirudi. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, ordea, Ezkion egitearen aldekoagoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.