Albistea entzun

Literatura

Jose Luis Otamendiren 'Landura', mundua biltzen duen mintza

Jose Luis Otamendi aldi baten amaieraren sentipenaz eta pertsonala eta kolektiboa uztartzeko zailtasunaz aritu da, besteak beste, 'Landura' poema liburu berrian. Susa argitaletxeak kaleratu du.

Leire Lopez editorea eta Jose Luis Otamendi idazlea, gaur, Donostiako Pandora tabernan.
Leire Lopez editorea eta Jose Luis Otamendi idazlea, gaur, Donostiako Pandora tabernan. Iñigo Uriz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2022ko irailak 5

«Hezetasun eta hozbero kontrastea tarteko, kanpoaren eta barruaren artean osatzen den ur pelikula da landura, kristal gainean ageri ohi dena argien». Jose Luis Otamendi idazleak hitzaren esanahia argitu du aurrena. Izan ere, Landura bere poema liburu berriaren izenburua ere bada; hamargarren poesia bilduma du. «Gure arteko landura fenomeno fisiko edo atmosferikoa baino gehiago ikusten dut nik gauzei erreparatzeko era bat bezala, esan eta idazten denari nolabaiteko izaera materiala eman nahi sotil bat». Non dagoen eta zer ikusten duen kontatzeko gogoz ondu du liburua, komunitatearekiko onginahiz. Gaur goizean aurkeztu dute, Donostiako Pandora tabernan.

«Poeta bat naiz, poesia gaitz autoimmunea dela aipatzen dut poema batean, eta bizi dudana ahalik eta modu doienean eta ahalik eta ederren eskaintzea dagokidala uste dut», Otamendik. Poesiara eraman ditu, besteak beste, «aldi baten amaieraren sentipena, norbere gogo-gorputzean itxita bizitzearen klaustrofobia molde bat, eta alderdi pertsonalak eta kolektiboak harmonizatzeko zailtasuna».

Itxialdi garaian idatzitako testu asko dagoen arren, idazleak ez du pandemiari eskainitako liburu bat egin. «Nago bizitzea egokitu zaigun garai hau ulertzeko eta kontatzeko ahaleginetan nabilen honen zalantza, kezka eta itxaropen sorta idatzia dela, ustez poesiaren ehunez kalerako jantzia».

Gaurko garaiaren ezaugarritzat du, hain justu, bizitakoari geruza baten atzetik begiratzea. «Bilbe sozialaren ahultasunak eta beldurraren ugaltze orokorrak geure baitara biltzeko ihesbide bila jartzen gaitu, eta munduari ia beti pantaila baten ostetik so egitera». Otamendi arduraz aritu da inguruan sumatu dituen gauza batzuez: beti hobea den iraganaren zamaz, indarkeriaz eta joera autoritarioen harrotzeaz, esaterako.

Kristaleko landurak ez du uzten beste aldean dagoena ikusten, eta horrek imajinazioa pizten du, Leire Lopez editorearen esanetan. «Horregatik, askotan gehiago esaten digute modu lausoan ikusten ditugun gauzek, nolabait antzemandakoek, osorik ikusten ditugunek baino, zeharka ikusitakoa, sumatutakoa, guk geuk osa dezakegulako», azaldu du Lopezek. Eta literaturarekin lotu du ideia hori: «Horrelaxe ibili naiz liburu hau irakurri dudan bakoitzean, erakusten eta ezkutatzen duenak sortzen duen jolas horretan».

Horregatik, landurak, kanpora begiratzean, barrura begira ere jartzen du norbera. «Landura dei bat ere bada, galdera, tentazioa, itxaropena. Baita berbaro ustez eder-jantzien gainetik zerbait egiteko premia ere». Gauzen kontzientzia hartu nahia adierazten du, Otamendiren hitzetan. Eta zerbait egitea, harentzat, garai nahasi hauetan zerbait ematea da: «Zerbait ematen saiatu nahiko nuke, inorentzat on izango diren gauzak egin. Hala ere, oraingoz ez dut lortu poema sorta hau osatzea besterik. Objektu poetiko bat balitz sikiera».

Letra xehez idatzitako 47 poemak osatzen dute Landura: horietako bost, neurrian, ez dira hogei ilaratik gora; beste zazpik hogei eta 25 bertso lerro artean dituzte, eta gainerako 35ak luzeagoak dira. «Dena bateratsu gertatzen da, nahas-mahasean, eta, aldarteak hala eskatuta, ez dut liburua ataletan banatu nahi izan oraingoan. Hasi eta buka dena bat da hemen».

Kontzientziak argituta

Xabier Gantzarainek egindako azalean, aldamio sarez bildutako eraikin bat ageri da, atzealdea kolore horizkoa duela. «Sare edo estalkiak, teila puskak edo harri kozkorrak erortzen badira, inor jotzetik libratuko du, baina gehienetan ilusioa baino ez da itxurazko segurtasun hori. Harriak ez ezik, esperantza eta pertsonak ere jausten baitira etengabe gu bizi garen eraikinetatik, eta ez dago gainbehera horri eutsiko dion sare aski sendorik», idazlearen hitzetan.

«Aldiro jakiteko non jaio/ beti behar izan dugu/ beste batzuk izan», bukatu du Otamendik Non jaio poema. «Zenbaten minak zenbaten pozak:/ non amaitzen da bestea eta non hasten norbera», berriz, Beste bat izateko jarraibideak izenekoa. «Zenbaitetan beste bat izateko premia enpatiarekin lotzen dut; beste askotan, aldiz, ideia hori eskapismotik eta norbere baitan kabitu ezinetik gertuago dagoen susmoa daukat», azaldu du. «Baina ez dakit».

Norberaren eta besteen onaren nahiak bultzatuta, ezinezko xede baten atzetik irudikatu ditu orriok: «Sobera nabarmendu beharrik gabe, modu diskretuan maite, eta halatsu bizi, euskarri kolektiboen bermearekin. Bide-orri politiko trauskil baterako hastapena izan zitekeen. Bizimodu apal antzeko eta burujabe baten edertasuna aldeztu kulturan bezala jendartean eta herri gisa, nork beretik emanez».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Bi ume Durangoko Azokan, bi helduren bizkarrera igota. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Transmisioa: nor-nori-nork

Iñigo Astiz

Egitarautik beretik hasita, bi urteko osasun larrialdiak kultur transmisioan izan duen eraginari buruzko kezka igar daiteke Durangoko Azokan. Gaiari buruzko iritziak bildu ditu BERRIAk Landako gunean
Jordi Panyella Pollen argitaletxeko editorea, atzo, Durangoko museoan. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Editorial katalan bat azokan

Andoni Imaz

Aurten, lehen aldiz, Euskal Herritik kanpoko argitaletxe batek ere parte hartu du Durangoko Azokan: Polálen-ek. Euskaratik katalanera itzulitako lanak ekarri dituzte.
Gotzon Barandiaran eta Miren Narbaiza, aurten Ahotseneko zuzenekoak hartu dituen Durangoko Plateruena kafe antzokiaren atarian, atzo. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Sorkuntzari arreta, sortzaileari ahotsa

Ainhoa Sarasola

Sortzaileei plaza bat emateko eta sorkuntza erdigunean jartzeko jaio zen Ahotsenea, orain dela hamabost urte. Ehunka musikari, idazle eta artista hartu ditu ordutik, eta erreferente bilakatu da, sustatzaileen ustez. Baina badu aurrera begirako erronkarik ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...