Lan eskubideak

Hego Euskal Herriko etxeko langileak urrian hasiko dira langabeziarako kotizatzen

Enplegatzaileek %80ko hobaria jasoko dute eta 35.600 langileri eragingo die aldaketak. Soldatak Bermatzeko Funtsera joateko eskubidea ere aitortu zaie.

Etxeko langileen eskubideen aldeko elkarretaratze bat. URKO ETXEBESTE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko irailaren 6a
14:57
Entzun

Hego Euskal Herrian legalki diharduten 35.600 etxeko langileak urrian hasiko dira langabezia ordainsarirako kotizatzen. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak etxeko langileen baldintzak arautuko dituen errege dekretua onartu du, eta, haren arabera, aurrerantzean langabezia ordainsaria jaso ahal izango dute. Era berean, enplegatzaileak kontratua aldebakartasunez eteteko duten eskubidea murriztuko du. Enplegatzaileek %80ko hobaria jasoko dute kotizazioak ordaintzeko. Ipar Euskal Herriko etxeko langileei 1999an aitortu zitzaizkien eskubide horiek.

Errege dekretu hau etxeko langileen eta haien alde diharduten elkarteen borrokaren beste pauso bat da. Hori bai, derrigortuta emaniko pauso bat da, Europako Auzitegiaren otsaileko ebazpen batek behartu baitu. Auzitegi horren iritziko, etxeko langileek langabezia eskubiderik ez izatea genero bazterketa kasu bat zen, langileen %95 emakumeak baitira. Ebazpen horren ondoren, Espainiako Kongresuko alderdi guztiek aho batez onartu zuten zuzentaraua iragan ekainaren 9an, eta lan ministerioa lan harreman berria arautuko duen legeari forma emateko prozesua hasi zuen.

Dekretuaren eraginez etxeko langileek hiru arlotan hobetuko dituzte haien lan baldintzak. Batetik, eta agian agerikoena, langabezia saria jasotzeko eskubidea aitortuko zaie. Bestetik Soldatak Bermatzeko Funtsera joateko eskubidea aitortuko zaie, eta azkenik kaleratze arrazoiak mugatu egingo dira. Egun desestimenduaren figura existitzen da, eta haren arabera enplegatzaileak arrazoirik eman gabe eten dezake kontratua. Lege berriarekin egoera jakin batzuetara mugatuko da eskubide hori.

Finantzaketari dagokionez, Lan Ministerioaren asmoa da enplegatzaileak eta langileek gehiago ordaindu behar ez izatea. Eskubide berriak lortzeko etxeko langileek kotizazio handiagoak beharko dituzte, eta gobernuak bere gain hartuko du gainkostu hori enplegatzaileei emaniko hobarien bitartez. Gauzak hala, %80 arteko hobariak eskainiko dizkiete enplegatzaileei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.