Ukraina

Zaporizhiako zentralak «berehalako neurriak» behar ditu ezbeharrik gertatuko ez bada

IAEAk ohartarazi du zentral nuklearraren inguruko bonbardaketak «etengabeko arriskua» direla, eta dagoeneko hainbat kalte eragin dituztela eraikinetan. AEBetako informazio zerbitzuen arabera, Ipar Koreari armak erosteko asmoa du Errusiak.

IAEAko buru Rafael Mariano Grossi, Vienan, Zaporizhiako zentrala gainbegiratu ostean. MAX BRUCKER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko irailaren 6a
17:29
Entzun

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak kaleratu berri du Zaporizhiako zentral nuklearrean egindako azterketari buruzko txostena. Bertan nabarmendu «berehalako neurriak» hartu behar direla ezbeharrik gertatuko ez bada. Gerra frontetik oso gertu dago zentrala, eta dagoeneko bitan itzali behar izan dituzte erreaktoreak, bonbardaketek suteak eragin dituztelako. Azken aldiz atzo itzali zuten martxan zen azken erreaktorea.

«Segurtasun nuklearrerako babes eremu» bat sortzeko beharra nabarmentzen du txostenak. Horrez gain, ohartarazten du zentralean lanean ari direnen baldintzak hobetu beharko liratekeela. «Langile kopurua oso mugatua da, eta Errusiaren okupaziopean aritzeak estres eta presio gehigarria eragiten du. Ezin da egoera hori denboran luzatu, giza akats bat gertatzeko arriskua handitzen duelako», adierazi dute adituek. Horiek hala, eskatu diote Vladimir Putin presidentearen gobernuari erretira ditzala zentralaren inguruetan dituen ibilgailu militarrak eta armak, baita instalazioen barruan dituenak ere.

IAEAko ordezkaritzaren esanetan, bonbardaketek kalteak eragin dituzte erregai nuklearra eta hondakin erradioaktiboak biltegiratzeko eraikinetan. «Ukrainako egoera aurrekaririk gabekoa da. Lehen aldia da halako gatazka bat pizten dela programa nuklear sendo bat duen herrialde batean. Istripu nuklear batek ondorio larriak eragingo lituzke herrialdean bertan eta haren mugetatik kanpo», ohartarazi dute adituek.

Bestalde, AEBetako informazio zerbitzuen arabera, Errusia milioika misil eta jaurtigai erosten ari da Ipar koreari. Aurrez, Washingtonen esanetan, Iranen egindako droneak baliatu izan ditu Moskuk. Ipar Korea bera Errusiarengana gerturatu da azken urteetan, eta Ukrainako gerra hasi zenean ere babesa agertu zion Vladimir Putin presidenteari, esanez Mendebaldearen «politika hegemonikoek» bultzatu dutela Errusia «bere burua defendatzera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.