Koronabirusa

COVID-19aren intzidentzia, maldan behera Nafarroan

Abuztuaren 29tik irailaren 4rainoko astean, 191 positibo antzeman ditu Osasunbideak, aurreko astean baino %32 gutxiago. Laugarren dosia 60 urtetik gorakoei eta arrisku taldeei jartzea aholkatu du EMAk.

Emakume bat COVID-19aren autodiagnostiko proba bat egiten. AITZOL LOIOLA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko irailaren 7a
11:13
Entzun

Iragan astean jasotako COVID-19 datuen txostena argitaratu du Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak, eta, bertan jasotzen denaren arabera, izurriaren intzidentziak maldan behera jarraitzen du. Abuztuaren 29tik irailaren 4ra, 191 positibo antzeman ditu Osasunbideak PCR edo antigeno proba bidez: aurreko aste osoan baino 35 gutxiago. Intzidentzia, oraintxe, 29 kasukoa da 100.000 biztanleko –joan den astea 40 kasukoa zen–. Datuei so, kutsatzeek %32 egin dute behera astebetean.

Ospitaleetako presioari dagokienez, behera egin du: azken astebetean 27 lagun zeden erietxeratuta gaitzarekin, aurreko astean baino hamar pertsona gutxiago. Joan den astean, orotara,zazpi pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, eta horietatik bakar bat ere ez zuten ZIU zainketa intentsiboko unitateetan artatu. Horrez gain, pertsona bat hil da COVID-19aren ondorioz.

EMAren aholkua laugarren dosiaz
Bestalde, ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak eta EMA Sendagaien Europako Agentziak eguneratu egin dituzte COVID-19aren aurkako txertaketari buruzko irizpideak.Bi erakundeek aholkatu dute hurrengo taldeak lehenestea COVID-19aren aurkako txertoen laugarren dosia jasotzeko: 60 urtetik gorakoak, immunoeskasia dutenak, haurdun dauden emakumeak, zahar etxeetako egoiliarrak eta langileak, eta osasun langileak.

Joan den ostegunean, EMAk oniritzia eman zien COVID-19aren omikron aldaera batzuetara egokitutako bi txertori: Pfizer/BioNTech enpresen Comirnaty eta Moderna enpresaren Spikevax prototipoei, hain zuzen. SARS-CoV-2 birusaren jatorrizko aldaeraren aurkako babesa eskaintzeaz gain, txerto horiek babes gehigarria eskaintzen dute omikron BA.1 azpialdaeraren aurka. Hortaz, sendagai agentziaren arabera, eraginkorragoak izango lirateke gaur egun zirkulazioan den birusaren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.