Enirio-Aralar mankomunitateak Larre Kudeaketa Plana berrabiarazteko asmoa duela salatu dute abeltzainek

Gipuzkoako EH Bilduk 2019an «emandako hitza jan» egin duela diote Aralarko abeltzainek, eta abereekin egiten duten larre kudeaketa gutxiesten dela gehitu dute.

Azienda Aralar mendikatean. ANDONI CANALLEDA /FOKU
inaut matauko rada
2022ko irailaren 7a
13:01
Entzun

Aralarko abeltzainak kexu dira, Enirio-Aralar mankomunitateko juntak 2019an «izoztu» zuen Larre Kudeaketa Plana berrabiarazteko asmoa duelako. Hori dela eta, Aralarko Baserritarren Elkarteko kideek, Euskal Nekazarien Batasunarekin eta Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunarekin batera, agerraldia eta protesta egin dute gaur goizean, Ordizian (Gipuzkoa), Euskal jaietan.

Abeltzainen esanetan, egungo agintaldiaren hasieran Enirio-Aralar mankomunitateko arduradunek zuten Larre Kudeaketa Plan berria aurkeztu zuten, abeltzain guztiek errefusatua. «Gorabehera eta sestra ugariren ostean», Gipuzkoako EH Bilduk plan berria «izozkailuan» sartuko zuela adierazi zien abeltzainei, eta hor egon da ordutik. Hala ere, abeltzainek diote jakin berri dutela mankomunitateko juntak plana berrabiarazteko asmoa dutela, 18.000 euroko aurrekontuarekin.

Gauzak horrela, aipatutako hiru elkarteek hiru gauza argitu nahi izan dituzte: lehenik eta behin, diote mendia kudeatzeko modu «egokiena, ekologikoena, merkeena eta jatorrena» abereekin egindako kudeaketa dela. Bigarrenik, esan dute egun euskal gizarteak «hainbeste preziatzen duen Aralar», neurri handi batean, bertako abeltzainek aziendarekin moldatutako paisaia dela. Azkenik, adierazi dute beren abereekin egindako larre kudeaketa «gutxietsi nahi duen planteamendu ororen aurka» daudela, eta mankomunitateari zuzendu zaizkio, eta eskatu «mihi puntan hainbeste darabilten lehen sektorearekiko begirunea» bere eguneroko jardunean aplikatzeko.

Bestalde, abeltzainak prest agertu dira abeltzainen eta aziendaren lana lehenetsi eta «balorea emango lieketen planteamenduak jorratzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.