INDARKERIA MATXISTA

Hiru gizon atxilotu dituzte Gasteizen bikotekideei eraso egiteagatik

Indarkeria matxistarekin loturiko delituak egotzi dizkiete 31, 42 eta 80 urteko hiru gizonezkoei. 2018ko Irungo jaietan sexu erasoengatik salatutako gizona absolbitu du Gipuzkoako auzitegiak.

Sexu erasoen aurkako protesta, Gasteizko mugimendu feministak deituta, Andra Mari Zuriaren plazan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko irailaren 7a
18:40
Entzun

Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, udaltzaingoak hiru pertsona atxilotu zituen iragan asteburuan, bikotekideei eraso egiteagatik. 31, 42 eta 80 urteko hiru gizonezko dira, eta indarkeria matxistarekin lotutako zenbait delitu leporatu dizkiete.

Atxilotuen artean gazteena 31 urteko gizonezko bat da, eta Gasteizko Logroño kalean atxilotu zuten, bikotekide ohiari eraso egin izana egotzita. 42 urteko beste gizonezko bat atxiki zuten Koroatzearen kalean, eta, azkenik, 80 urteko gizona Ariznabarra auzoan atxilotu zuten, «emaztearen aurka indarkeria fisiko eta psikologiko jarraitua egiteagatik.

2018an Irunen akusatua, absolbituta

2018. urteko Irungo jaietan emakume bat bortxatu izana leporatu zioten gizonezkoa absolbitu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, epailearen esanetan «ezin baita frogatu sexu harremanak baimenduak ala baimenik gabekoak izan zirenik».

Biktimak salaketa jarri zuen gizonezkoaren aurka, sexu harremanak «baimenik eta adostasunik gabekoak» izan zirela salatuta. Epaiketan, sei urteko kartzela zigorra eskatu zuen Fiskaltzak akusatuaren aurka. Lurralde auzitegiak, baina, «zalantzazko elementuak» eta «segurtasunik eza» antzeman ditu testigantza horretan: «Salatzailearen oroitzapenean antzeman daitezke zenbait hutsune eta zalantza, harreman intimo horiek baimenduak izan ote ziren ala ez ebazterakoan, eta, denborarekin, bere baitan ziurtzat jo zuen baimenik gabekoak izan zirela».

Hori dela eta, epaileek ebatzi dute «ezin dela ziurtatu» baimenik gabeko sexu harremanak izan zirenik: «Auzitegi honek zalantzak ditu, eta zalantza, arrazoizkoa eta oinarri juridiko honetan arrazoitua izanda, ezin da inoiz akusatuaren kontra erabili».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.