Entseguak jendetsuak izan dira, eta gaur goizean ere oso jendetsua izan da Jaizkibel konpainia parekidearen desfilea Hondarribian (Gipuzkoa). Ohi bezala, alardeaz aparte egin dute euren ibilbidea, baina indartsu aritu dira, oso konpainia handia osatu baitute: mila lagunek hartu dute parte, Oihana Etxebarrieta kapitainak esan duenez: «Gero eta gehiago gara». Oso babestuta ere ibili da konpainia mistoa: 2019an bezala, plastiko beltzik eta Jaizkibelen aurkako kartelik ez da izan Kale Nagusian; jende gutxiago ikusi da espaloietan andreei bizkarra ematen, eta ozen entzun dira «Gora Jaizkibel» aldarriak.
25 urte bete ditu aurten Jaizkibel konpainia parekideak; alardean txertatzeko jaio zen, bertan parte hartu nahi zutela adierazteko. Urtero bezala, 08:00etan abiatu du desfilea Jaizkibelek Minasoroetatik; aurrez kantinera jasoa zuen, eta Minasoroetan etentxo bat egin ostean sartu dira Alde Zaharrean: Santa Mariako atea gurutzatu, eta Kale Nagusian sartu dira. Txalo artean jaso dute taldea, eta giro onean egin du Arma Plazarako bidea; urte askotan plastiko beltzak, txistuak, kartelak, irainak eta keinu itsusiak izan dira tarte horretan batez ere, baina gaur ez da halakorik izan ia: neska gutxi batzuk izan dira bizkarra ematen, baina gaina hartu diete txaloek eta animoek.
Kale nagusiko giroa minutu eta erdian ðŸÂÂÂÂÂÂŽ¥@berria#HondarribikoAlardea#EmakumeakAlardeanpic.twitter.com/CWJ2x6z0qt
— Oli A.A (@olatzartola) September 8, 2022
Gernikako Arbolan, ordea, bestelako irudi bat izan da. Han, desfilatzeko zain egoten dira alardeko konpainia baztertzaileak, eta gizonek bizkarra eman ohi diote Jaizkibeli. Aurten, Guztion Alardea mugimenduaren harira —konpainia baztertzaileen inguruko gazteek osatu dute, baina emakumeak ateratzearen alde agertu dira—, konpainia parekidearen aldeko keinuren bat espero zen, baina halakorik ez da gertatu, eta oso gizon gutxi atera dira emakumeen partaidetzari babesa ematera: gehien-gehienak bizkarra emanda geratu dira.
<p dir="ltr" lang="eu">Plastiko beltzik ez, baina hau ere gertatu da #HondarribikoAlardea-n@berria#EmakumeakAlardeanpic.twitter.com/5h0lwQEIY1— Oli A.A (@olatzartola) September 8, 2022
Edonola ere, goizeko desfilearekin oso pozik agertu da Etxebarrieta kapitaina: «Gero eta konpainia handiagoa dugu, eta Hondarribian inoiz baino jarrera aktiboagoa dago konponbidearen alde». Hori dela eta, eskaera zehatz bat egin dio Txomin Sagarzazu alkateari: «Hilabeteko epean elkarrizketa mahai bat martxan jartzeko lidergoa har dezala. Herriak hala eskatzen du, eta bada garaia alardearen inguruko eragile ezberdinak biltzeko eta elkarrizketa prozesu bat abiatzeko».
Jaizkibel konpainia Gernikako Arbolara heldu den unea. Bizkarra eman diete Alarde tradizionaleko gehienek@berria#EmakumeakAlardean#HondarribikoAlatdeapic.twitter.com/EZfTr40NCR
— Oli A.A (@olatzartola) September 8, 2022
Ohi bezala, hainbat erakunde publikoren babesa jaso du konpainia parekideak. Jaizkibelen desfilea «itzela» iruditu zaio Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariari, eta esker ona adierazi dio, «25 urteotan egindako lanagatik, euren konstantzia eta konpromisoagatik». Guztion Alardea mugimenduaz ere mintzatu da, itxaropentsu: «Herrian zerbait mugitzen ari da, eta ostiraleko deialdiak izugarrizko erantzuna izan zuen. Horrek adierazten du gehien-gehiengoak nahi duela hau konpontzea eta emakumeek berdintasunez parte hartzea». Azken egunetan Hondarribiko alkatearen irudi batzuk zabaldu dira, konpainia baztertzaileetako baten entseguan parte hartzen ari zela; balorazio zehatzik ez du egin Landaidak, baina adierazi du Berdintasun Legea argia dela: «Berdintasuna bermatu egin behar da, eta udalek ildo horretan egin behar dute lan; beste herri batzuetan hala ari dira».
Kale nagusiko aldapa ez da horren maldatsua izan aurten, @Jaizkibel1997-k 25 urte bete dituen alardean. Igoera bideoan 🎥@berria#EmakumeakAlardean#HondarribikoAlardeapic.twitter.com/XIOV1zGGvY
— Oli A.A (@olatzartola) September 8, 2022
Ines Ibañez de Maeztu EAEko arartekoaren albokoak lehen aldia izan du Hondarribian: «Ezin dut beste urteekin konparatu, baina esan didate lasaiago joan dela, eta hori poztekoa da». Hala ere, ez du auzia amaitutzat jo: «Arartekoan oinarrizko giza eskubideak defendatzen ditugu. Zoritxarrez, 25 urteren ondoren, hemen egon behar dugu, emakumeen parte hartzea defendatzen, baina itxaropena dugu posizioak aldatuko direla».
EH Bilduko ordezkari Maddalen Iriartek txalotu egin du Jaizkibelek 25 urtez «berdintasunaren eta askatasunaren alde» egindako lana, eta erantsi du Hondarribiko egoerak «min» ematen diola: «Oinarrizko eskubide bat urratu egiten da: berdintasuna. Horregatik eskatzen diegu udalari, Gipuzkoako Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari urraketa hori amai dezaten; bestela, matxismoa eta autoritarismoa bultzatzen arituko dira».
Ikusi gehiago:Alarde izateko urratsa, 25. aldiz