EKOLOGISMOA

Egitarau oparoa aurkeztu dute Ekotopaketetarako

Irailaren 29a eta urriaren 2a bitartean Portugaleten antolatu dituzte Euskal Herriko mugimendu ekologista biltzeko asmoa duten topaketak

Ekotopaketen aurkezpena Portugaleten, gaur. MONIKA DEL VALLE, FOKU
jone arruabarrena
2022ko irailaren 8a
15:46
Entzun

Gaur egungo krisi ekosoziala «erdigunera» ekartzea eta «galdera estrategiko bati» erantzutea. Helburu horiek betetzeko asmoz elkartuko dira Euskal Herri osoko zenbait herritar Portugaleten irailaren 29a eta urriaren 2a bitartean. Gizarte mugimenduetakoak, akademiako jendea, nekazariak, eta gaiarekiko interesa duen edonor gonbidatu dute antolatzaileek parte hartzera, gaur 19:00etan Bilboko Kafe antzokian egin duten aurkezpenean.

Yayo Herrero antropologo, irakasle eta ekintzailearen Zergatik borrokatu 2022an? Hitzaldiarekin hasi zuten aurkezpena, eta prestatu duten egitarau oparoa aletu zuten ondoren: Ostiral arratsaldean Herrerok hasiko ditu topaketak ere, ekologismo sozialaren inguruko hitzaldi batekin, eta igandera bitarte gai askori buruz arituko dira. Besteak beste, ekofeminismoaz eta bizitzaren garestitzeaz larunbat goizean, eta arratsaldean energia krisiaz eta gazteek krisi ekosozialean izan beharreko paperaz. Igande goizean asanblada irekia antolatu dute, eta 12:30etan Portugaleteko merkatu plazatik aterako den mobilizazio batekin amaituko dituzte topaketak. Egitarau osoa ikusgai jarri dute ekotopaketen webgunean.

Azken krisia, gure garaia
Kezkaz begiratzen diote topaketen antolatzaileek etorkizunari: «giza historiako arazo handienaren kolkoan sartzen hasiak gara, krisi sistemiko batean» adierazi dute. Ekonomia krisiaren, pandemiaren, migrazio krisiaren, gerren eta ezegonkortasunaren arteko loturez jabetuta, «gertatzen ari denaren tamainaz jabetzeko» beharra adierazi, eta horretarako, Gure gaia! lelopean Euskal Herrian jauzi kuantitatibo eta kualitatibo bat emateko tresna baten beharra mahaigaineratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.