Gudari Eguna

Ezker abertzalearen «balioak eta konpromisoak» berretsiko ditu Sortuk hilaren 27an

Nazio ekitaldia egingo du Tolosan hilaren 25ean, eta 27an ere mobilizazioak egingo ditu. Sortuk nabarmendu du burujabetza eraldaketa sozialean sakontzeko «bitartekoa» dela.

Irailaren 27aren bueltako ekitaldiak iragartzeko Sortuk egin duen agerraldia, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
2022ko irailaren 8a
15:56
Entzun

Nazio ekitaldia egingo du Sortuk hilaren 25ean, Tolosako Leidor antzokian, Gudari Egunaren testuinguruan. Gaur prentsaurreko batean adierazi dutenez, ezker abertzalearen «balioak eta konpromisoak» oroitzeko eta berresteko baliatuko dute ekitaldia, baita hilaren 27rako iragarri dituzten beste mobilizazioak ere.

Jon Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak fusilatu zituzten 1975eko irailaren 27an, eta garai hartan Euskal Herriakzuen egoera egungo «krisi testuinguru larriarekin» parekatu du Sortuk: «Beharrezkoa ikusi dugu oroitzea Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten garaian Euskal Herria hipotesi bat zela, eta egun, harrokeriarik gabe, Euskal Herria errealitate kultural, ekonomiko eta politiko aitortua dela».

Egun, «kapitalismoaren garapen eredua» eta «krisi energetikoa» tarteko, «salbuespeneko testuinguru historikoan» dago oraindik ere Euskal Herria, Sortuk nabarmendu duenez, eta, «zibilizazio eredu berri bateranzko trantsitua» egiteko beharra nabarmendu du. Horretarako, baina, «independentismoa eta eraldaketa sozial eta politikoa» nahi duten sektoreek «lidergoa» hartu behar dutela adierazi du. Horrez gain, Euskal Herria «herri gisa egituratu, kohesionatu eta boteretu» beharra azpimarratu du. Halaber, burujabetza «bitartekoa» dela gogoratu du Sortuk, «ekonomia arautu, aberastasuna banatu eta eraldaketa sozialean sakonduko duen sektore publiko indartsu bat izateko».

Ezker abertzalea garaiak eskatzen duen «anbizioarekin eta konpromisoarekin» arituko dela ziurtatu du Sortuk, eta horixe nabarmenduko dutela irailaren 27aren bueltako ekitaldietan. Horietan parte hartzera deitu dituzte «ezker abertzaleko kideak» eta «nazio askapen mugimendua osatzen duten kideak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.