Antzerkia

Santa Anara ailegatu da Antso

Igandean, Makeako antzerki taldeak Iruñean aurkeztuko du Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda antzezlana, Peio Berteretxeren zuzendaritzapean.

'Antso azkarra edo Miramamolinen esmeralda' antzezlana, Makean, uztailean. GUILLAUME FAUVEAU
edurne elizondo
2022ko irailaren 9a
11:05
Entzun

«Parada bikaina da Iruñean euskararen alde ari diren elkarteak ezagutzeko eta saretzeko. Plazera da guretzat». Horixe erran du Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda antzezlaneko zuzendari Peio Berteretxek, igandean Iruñean eginen duten emanaldiari buruz. Hiriburuko Santa Ana plazan izanen da, 18:00etan hasita.

Makeako (Lapurdi) antzerki taldeak ondu du Antso VII.a Azkarraren inguruko lana, Antton Lukuk 1997. urtean idatzitako testua oinarri hartuta. Uztailean egin zuten estreinaldia, Makean, eta Donibane Garazin erakutsi zuten gero. Iruñekoa ez da azken emanaldia izanen: Baionan, Amikuzen (Nafarroa Beherea) eta Hazparnen (Lapurdin) ere aurkeztuko dute, urrira bitarte.

Iruñekoa «berezia» izanen dela uste du Peio Berteretxe zuzendariak: «Santa Ana plazak badu indar sinbolikoa, libertimenduak egiteko erabiltzen baitute. Hori biziki maite dut». Iruñeko Iruinkokoa libertimendua egiten dute Santa Ana plazan, hain zuzen, inauterietan.

Libertimenduetako zirtzilak eta antzerki idatzia «aurrez aurre» jarri nahi izan ditu Berteretxek, Antso Azkarrari buruzko lanaren bidez. «Hor bagenuen erronka bat; aktore guztiak izan dira zirtzilak. Uste dut zirtzilak izugarri ontsa elikatzen duela antzerki klasikoa edo klasikoago bat, eta antzerki idatziak ere elikatzen du zirtzila», kontatu du zuzendariak.

Hogeigarren urteurrena

Duela bi urte hasi zuten Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda prestatzeko bidea Makean, Jostakin elkartearen bidez. «Gure amek duela hogei urte Makean sortutako elkarte bat da Jostakin; antzerki elkarte bat da, euskaraz aritzeko herrian», oroitu du Berteretxek. «Hor hasi ginen denak».

Duela hogei urte hasitako lanari segida eman diote, eta, igandean Iruñean aurkeztuko duten lanaren bidez, gainera, bide hori «ospatu» nahi dute antzerki elkarteko kideek. Obra prestatzeko prozesua ez da erraza izan, Berteretxek erantsi duenez, baina aurrera egitea lortu dute. «Ni Parisen bizi nintzen lanean hasi ginenean». Batzuen eta bertzeen lanek eta betebeharrek eragindako zailtasunen gainetik, baina, denek antzerki taldearekin duten konpromisoa nagusitu da. «Engaiamendua handia da», nabarmendu du Berteretxek.

Lukuren testua aukeratu dute, nahi zuten guztia duelako: «Ikuspuntu politikoa, komedia… Nik testu indartsu eta landu bat nahi nuen». Urrian hasi ziren entseatzen, astean bi aldiz. Prozesu horrekin gozatu duela aipatu du zuzendariak, lan aberatsa izan dela. «Navas de Tolosako gudua, mendebaldearen galtzea eta galtze horren ondorioak aipatzen ditu antzerkiak: ez da historia ikastaro bat, ez baita hori helburua, baizik eta proposatzea Antso Azkarraren izaerari buruzko hipotesi batzuk, drama bat, kondaira bat, istorio bat…».

Lizeoko ikasleen aurrean

Iruñeko emanaldia ez da izanen azkena. Hilaren amaieran, 30ean, Baionan aurkeztuko dute lana: bi saio eginen dituzte, eta bat Etxepare lizeoko ikasleen aurrean izanen da. «Plazer handia da saio hori egitea», erran du Peio Berteretxek. «Gurea herri bateko antzerki bat da, antzerki herrikoia, eta lizeoko kideek erabakitzea gu han egotea sinbolikoki ederra da. Ez da bakarrik profesionaltasuna, gure kultura beste manera batez egiten ahal da, eta egin behar da», gaineratu du zuzendariak.

Amikuzen ere eginen dute saio bat, urriaren 8an, eta Hazparnen bertze bat, 15ean. Lanean jarraitzeko asmoz dira Jostakin elkarteko kideak, gainera, eta lan berri bat ontzeko aukera aztertzen hasiak dira. Datorren igandean, Iruñean, hogeigarren urteurrena ospatzeko lana aurkeztuko dute: Antton Lukuren testua biziaraziko duten aktoreek hartuko dute Santa Ana plaza, Iruinkokoaren baimenarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.