INDARKERIA MATXISTA

42 urteko gizon bat atxilotu dute Iruñean, Bideko Ama ospitalean izandako sexu erasoagatik

Ospitaleko langile batek salatu zuen irailaren 2an gizonak eraso egin ziola, lanaldia amaituta etxera joatear zela

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko irailaren 9a
12:09
Entzun

Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko egoitzetako batean —Bideko Ama ospitalea zen eraikinean— sexu eraso bat salatu zuten atzo. Ospitale horretako kafetegia zerbitzua ematen duen Arcasa enpresak eman zuen albistea, ospitaleko Lan Zuzendaritza eta Batzordearekin batera. Gaur, 42 urteko gizonezko bat atxilotu du Foruzaingoak, erasoa egin izana egotzita.

Gertakariaren berri atzo eman bazuten ere, duela astebete gertatu zen erasoa, irailaren 2an. Ospitaleko kafetegia zerbitzuko langile batek salatu zuen gizon batek eraso egin ziola, lanaldia bukatuta etxera joatear zela. Salaketa jaso eta berehala, Foruzaingoak aktibatu egin zuen sexu indarkeriaren aurkako protokoloa, eta arta psikologikoa eta juridikoa eskaini zion emakumeari. Ikerketa ere abiatu zuen.

Gaur eguerdian elkarretaratzea eginen dute ospitalearen aurreko plazan, erasoa gaitzesteko. «Protesta honen bitartez, elkartasuna adierazi nahi diogu gure lankideari, eta, era berean, konpromisoa azaldu nahi dugu emakumeen kontrako indarkeria geldiarazteko. Emakumeen kontrako indarkeria giza eskubideen urraketa da, emakumea emakume izate hutsagatik baztertzen duena», idatzi dute biktimaren lankideek, ohar batean. Halaber, nabarmendu dute sexu eraso oro egiturazko problema baten seinale dela, «injustiziaren sintoma».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.