Memoria historikoa

Ezker Anitza-IUk eta elkarte memorialistek omenaldia egin diete Bastidan fusilatuei

1936ko gerran erabilitako eremu hori biktimei «aitortza» egiteko egokitzea galdegin diete Jaurlaritzari eta gainerako instituzioei.

1936an fusilatuei gaur egindako omenaldia, Bastidan (Araba). JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko irailaren 10a
13:34
Entzun

1936ko azaroaren 3tik 6ra bitartean frankistek Errioxako (Espainia) San Asensio, Anguciana, Rodezno, San Vicente de la Sonsierra eta Haro herrietako zortzi bizilagun exekutatu eta Bastidako (Araba) hobi komun batean lurperatu zituzten. Vicente Rojas Carboneras, Felices del Campo Abalos, Felix Urrecho Ruiz, Ismenio Moneo Tordomar, Nicolas Martinez de Sojo, Braulio Anton Garcia, Juan Martinez Abalos eta Martin Ramirez Apinalez izan ziren Francoren aldeko armadak hildakoak. Gaur, Ezker Anitza-IUk, Errioxako Izquierda Unidak eta Bastida 1933 eta La Barranca elkarte memorialistek omenaldia egin diete fusilatuei, Bastidan bertan, hobi komuna dagoen tokian. Lore eskaintza batekin gogoratu dituzte hildakoak.

Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak salatu du bost pertsona horiek «askatasunaren alde borrokatzeagatik» hil zituztela, baina instituzioek «ahaztu» dituztela, eta eskaera bat egin die Jaurlaritzari eta gainerako instituzioei:gune hori biktimei «aitortza» egiteko egokitu dezatela, memoria demokratikoari ekarpena eginez. Salatu du instituzio bakar batek ere ez duela bere gain hartu nahi fusilatuen omenezko gune bat egiteko ardura, Eusko Jaurlaritzak eta Errioxako Gobernuak elkarri leporatzen diotelako lan hori hartzeko erantzukizuna.

Joan den urtean, Elkarrekin Podemos-IUk proposamen bat aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, eta haren bidez Jaurlaritzari eskatu zion Bastidako hobi komuna «duintzeko» eta espazio hori biktimei «aitortza» egiteko egokitzeko. Eusko Legebiltzarrak onartu egin zuen ekinbidea, baina oraindik instituzio bakar batek ez du akordio hori bete, Hernandezek gaur salatu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.