Literatura

Karmele Mitxelenak eta Iñaki Cidek irabazi dituzte Donostia Hiriko Kutxa sariak

Karmele Mitxelenak 'Haragiko mamuak' narrazio bildumarekin irabazi du kontakizun liburuen alorreko saria, eta Iñaki Cidek 'Behin batean Loiolan' obrarekin eskuratu du antzerki alorrekoa.

Karmele Mitxelena idazlea, artxiboko argazki batean. EREIN ARGITALETXEA
Andoni Imaz.
2022ko irailaren 10a
18:18
Entzun

Bi urtean behin banatzen dituzte Donostia Hiriko Kutxa literatura sariak, ipuinaren eta antzerkiaren alorrekoak. Aurten, 56. ekitaldian, Karmele Mitxelena Etxebeste oiartzuarrak eta Iñaki Cid Larrea donostiarrak irabazi dituzte euskarazko lanen bi sari nagusiak. Epaimahaiak gaur arratsaldean eman du bere erabakiaren berri, Donostian egindako agerraldi batean. Sariak datorren azaroaren 19an banatuko dituzte, Donostiako Antzoki Zaharrean. Irabazle bakoitzak garaikurra eta 15.000 euro jasoko ditu, eta saritutako obrak editatu eta argitaratu egingo dituzte.

Hemeretzi narrazio bilduma aurkeztu dituzte euskarazko lehiaketara, eta, horien artean, Mitxelenaren Haragiko mamuak hautatu dute Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi eta Jon Kortazar epaimahaikideek. Bildumaren izenak berak erakusten du zerk batzen dituen Mitxelenaren ipuinak: mamuak ageri dira testu guztietan, idazleak BERRIAri kontatu dionez. «Era askotako mamuak agertzen dira pertsonen buruan edo bizitzetan, ipuin bakoitzean modu batean: pertsonak dira, bizitako gertaerak...».

Ez dira genero fantastikoko ipuinak, halere, «errealistak» baizik, «mamu errealak». Kontakizunetan askotariko gaiak landu dituen arren, idazleak elementu horretan aurkitu du pertsonaiek pentsatzen dutenaz eta bizi dutenaz aritzeko modu berezi bat, eta hari tiraka osatu du bilduma, gutxika-gutxika. «Horretan oinarritu da dena: bizitzetan hainbeste eragiten duten mamuz mozorrotutako ideia horiek daude muinean».

Mitxelenak gisa horretako ipuin bat idatzi zuen lehenengo, bestelako asmorik gabe, eta haren haritik sortu ditu gehiago denborarekin. «Tarte dezentean egindako zerbait da. Gero forma eman nion lehiaketara aurkezteko, eta pare bat ipuin berri sortu ditut orain dela gutxi», azaldu du.

Lehenago ere ipuin lehiaketetan ibilia da Mitxelena. Mikel Zarate haur literaturako saria irabazi du aurten, Marrubizko uda lanarekin, eta aurretik sariak irabazi izan ditu, besteak beste, Julene Azpeitia eta Gabriel Aresti ipuin lehiaketetan. Bertso idatzietan ere sari ugari irabazitakoa da. 2019an, Erakusleihoan album ilustratua argitaratu zuen Irrimarra ilustratzaile bikotearekin, Peru Abarka saria irabazi eta gero.

Gustura aritzen da ipuinen generoan. «Ipuinetarako joera daukat. Irakurtzeko ere asko gustatzen zaizkit, oso momentukoak izaten dira». Idazteko lanari ekiteko behar izaten den denborarekin lotu du hori zuzenean: «Tarte motzak izaten ditut, eta gustatzen zait gauza bat hastea eta bukatzea, momentuan sentitzen dudan hori hor geratzea. Eleberriak beste lan bat eskatzen du, eta beti pentsatzen dut modu batera hasi, eta beste batera bukatuko nukeela, zaila delako begirada bat denboran mantentzea».

Etxetik sortutako fikzioa

Antzerkiaren alorrean, euskarazko hamabost lan aurkeztu dituzte denera. Mireia Gabilondo, Eneko Olasagasti eta Dorleta Urretabizkaia epaimahaikideek Ciden Behin batean Loiolan saritu dute. Benetako istorio batean oinarritu du obra, komediaz jantzitako drama bat da. «Amak kontatu zidan bere izebaren istorio bat, aitonaren arrebarena. Sifilisak jota hil zen, ezkondu eta egun gutxira. Suposatzen da senarra prostituzio etxe batean ibili zela, sifilisa hartu zuela, emazteari pasatu ziola, eta hil egin zela», horrela azaldu du, laburrean, egileak.

1934. urtearen inguruan gertatu zen hori, eta Cidek garai hartan sexualitateaz zegoen heziketa faltarekin lotu du: «Sexu informazio oso gutxi zegoen, eta gizonek bazuten presio bat; askotan joaten ziren prostitutekin ikastera, nolabait esateko». Horri buruzko fikzio bat sortzeaz gain, familian gertatutakoa gaur egunera nola iritsi den ere landu du obran. Antzezlan luzea da, 80 bat orrialdekoa.

Gertuko senideak dira antzezlaneko pertsonaiak: aitona-amonak, ama, eta, protagonista, aitonaren arreba hura. «Berak badu istorio bat: Balentziagarentzat lan egiten zuen, jostuna zen, eta Parisera joan behar zen, baina hil egin zen. Kontatzen da bere istorioa, horrek nola eragin dion familiari, eta nola iritsi den hurrengo belaunaldikoengana».

Drama bat kontatu arren, komediara jo du Cidek. «Komedian askoz ere erosoago izaten dut. Badu parte dramatiko bat, noski, baina batez ere komedia bat da, eta ironia asko erabiltzen da, kritikatzeko, adibidez, nola gaur egun guretzat oso normalak diren elkarrizketa batzuk lehen ez ziren batere arruntak».

Antzerkigilea eta aktorea da Cid, eta orain biran dabil berak idatzitako Gaizki obra laburrarekin. Hirukote bihurtutako bikote baten harremana kontatzen du, eta Iñigo Elosegi, Eneritz Sanchez eta Cid bera dira antzezleak.

Gaztelaniazko lehiaketan, 482 kontakizun liburu aurkeztu dituzte, eta epaimahaikideek Fernando Villamia Ugarteren Los Dioses de quince años bilduma aukeratu dute irabazle. Antzerkiaren alorrean, berriz, 346 lanek parte hartu dute, eta Maria Eugenia Salaberri Garciaren Lejos de Cafarnaum lanak irabazi du. Aurten, parte hartzea %26 hazi da denera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.