Espainiako Vuelta

Remco Evenepoelek irabazi du Espainiako Vuelta

Lehenengoz eskuratu du itzuli handi bat; 44 urte ziren belgikar batek halako bat irabazten ez zuela. Azken etapan Juan Sebastian Molano gailendu da.

Carapaz, Ayuso, Evenepoel eta Pedersen, gaur, azken etapan. JAVIER LIZON / EFE
Mikel Rodriguez - Paulo Ostolaza
2022ko irailaren 11
19:46
Entzun

Adituek ere zalantza zuten Remco Evenepoel (Quick-Step) hiru asteko itzuli batean lehiatzeko ziklista aproposa ote zen ala ez. Italiako Giroan aritu zen 2020an, baina lesio larri batetik atera berria zen, eta erretiratu egin behar izan zuen. Onenekin buruz buru aurrenekoz lehiatu denean, ordea, zalantza guztiak uxatu ditu. Flandriarrak irabazi du Espainiako Vuelta. Enric Masek (Movistar) eta Juan Ayusok (UAE) osatu dute podiuma, gaur, Madrilen.

Etapan Juan Sebastian Molano (UAE) gailendu da, esprintean, Mads Pedersen (Trek) elastiko berdeari aurrea hartuta. Eguneko azken saiakera Plappek (Ineos) eta Johansenek (Intermarche) egin dute, baina azken hamar kilometroetan harrapatu ditu tropelak.

Bukatu da Belgikaren idortea

Belgikako txirrindularitza zaleek Evenepoelen garaipena gogotik ospatzeko motibo anitz dituzte, bukatu baita herrialde horrek itzuli handietan zuen idorte ikaragarria. 44 urte ziren gizonezkoen tropelean belgikar batek azkenekoz hiru handietako bat irabazi ez zuela: Johan De Muynck izan zen hura, 1978ko Italiako Giroko garailea. 44 urte hauetan, Heidi van de Vijverrek 1993ko Europako Erkidego Ekonomikoko Tourra irabazi zuen, Frantziako Tourraren baliokidetzat hartzen dena —emakumezkoen tropelean belgikarrek duten itzuli handi bakarra—. Baina gizonezkoen txirrindularitzako tradizioa eta palmaresa kontuan hartuta, ez da edonolako datua hutsune luze horrena, Belgika baita lau potentzia historikoetako bat, itzuli handien hiru antolatzaileekin batera —Frantzia, Italia eta Espainia—, eta 44 urteotan ziklista bikainen harrobi amaigabea izaten jarraitu baitu.

Ikusi gehiago:Lau hamarkada profetaren zain

De Muynckek Milanen maillot arrosa jantzi zuenean, inor gutxik pentsatuko zuen lau hamarkada baino gehiago igaroko zirenik garai hartan tropela menderatzen zuen herrialde hartako txirrindulari bat berriz ere itzuli handi bateko podiumaren gorengo mailan ikusi arte. Evenepoelen garaipenetik hurbilen dauden emaitzarik onenak hauek dira: Thomas De Gendten hirugarren postua 2012ko Giroan, Jurgen Van den Broecken hirugarrena 2010eko Frantziako Tourrean —bortzgarren bukatu zuen, baina Alberto Contador garaileari eta Denis Mentxov hirugarrenari emaitza baliogabetu zieten, dopin auziengatik—, eta Johan Bruyneelen hirugarrena 1995eko Vueltan.

Belgikaren historiako 33. itzuli handia irabazi du Evenepoelek — eta zortzigarren Vuelta—. Orain, Frantziari pasatu dio potentzien arteko idorte luzeenaren zama, 1995ean Laurent Jalabertek Vuelta irabazi zuenetik herrialde horretako inor ez baita nagusitu itzuli handi batean —ez gizonezkoetan, ezta emakumezkoetan ere—.

Quick Stepen lehenbizikoa

Herrialde bati ez ezik, tropeleko talde historikoetako bati ere zama handia kendu dio gainetik Evenepoelek. Izan ere, Quick Stepek hemeretzi urteotan irabazi duen lehenbiziko itzuli handia da aurtengo Vuelta. Quick Step etxea 1999an sartu zen txirrindularitzan, Mapeik babesten zuen talde apartaren bigarren babesle bezala. Mapeik txirrindularitza utzi ondoren, Quick Stepek talde propioa sortu zuen, Mapei eta Domo-Farm Frites taldeen egiturak bateratuta. Ordutik, tropeleko handienetako bat izan da, garaipen zaku oparoenetakoak bildu dituena urteak joan, urteak etorri.

Baina Quick Step klasikoetan, esprintetan eta etapa ehizan zentratu izan da, eta normalki ez du prestatu itzulietan —bereziki, hiru astekoetan— lehiatzeko talde indartsurik. Orain arteko podium postu bakarrak zituen Rigoberto Uranen bigarrena 2014ko Giroan eta Enric Masen bigarrena 2018ko Vueltan. 2020an, Joao Almeidak hamabortz egunez jantzi zuen maillot arrosa Giroan, baina laugarren bukatu zuen. Evenepoelen Vueltarekin, lasterketa mota guzietan lortu du garaipena Quick Stepek.

Euskal txirrindulariak, esku hutsik

Euskal ziklistek protagonismo apala izan dute aurtengo Vueltan. Hori bai, duela hiru aste Utrechtetik atera ziren zortziak ailegatu dira Madrilera. Kontinental mailako taldeekin korritu duten zazpiek hartu dituzte eguneko ihesaldiak, baina ezin izan dira etapa garaipenengatik lehiatu. Mikel Landa (Bahrain) zen World Tour mailako ordezkari bakarra. Hura izan da onena —hamabortzgarren bukatu du—, baina bere sasoi onenetik hagitz urruti ibili da.

Aurtengo Giroan eta Tourrean euskal ziklistek ez zuten lortu etaparik irabaztea, eta halaxe bukatu da Vuelta ere. 73 aldiz jokatu dira hiru itzuli handiak urte berean, eta bortzgarren aldia da euskal txirrindulariek ez dutela bakar batean ere etaparik irabazi: 1950ean, 1996an, 2014an, iaz eta aurten baino ez da gertatu. Datu kezkagarria da bortz aldi horietatik hiru azken zortzi urteotan pilatu direla. Baina botila erdi beteta ikusteko, 73 aldi horietan ez da inoiz gertatu idorte erabatekoa; hau da, ez etaparik, ezta sailkapen nagusiko hamar onenen arteko posturik ere ez lortzea gutxienez itzuli handietako batean. Landaren Giroko hirugarren postuak eta Pello Bilbaoren bortzgarrenak bete dute gutxieneko lorpenen neurgailu hori aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.