Gerra Ukrainan

Ukrainak 3.500 kilometro koadroko eremua berreskuratu du

Kharkiveko azpiegitura zibilak bonbardatu eta milioika herritar argindarrik eta edateko urik gabe uztea leporatu dio Kievek Moskuri. Txetxeniako buru Ramzan Kadirovek kritikatu egin du Moskuren estrategia militarra.

Kharkiveko etxebizitza bat erabat suntsituta. SERGEY KOZLOV, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko irailaren 12a
15:24
Entzun

Aurrera doa Ukrainak Khersonen eta Kharkiven hasitako kontraerasoa. Reuters albiste agentziaren arabera, 3.500 kilometro koadroko eremua berreskuratu dute Kieveko indarrek azken bi asteotan. Orotara, bost kokagune bereganatu dituzte Khersonen, eta hogei inguru Kharkiven. Erresuma Batuko Defentsa Ministerioak zabaldu duenez, Errusiak erretiratzeko agindu die Kharkiven Oskil ibaiaren mendebaldera dituen indarrei. «Badira oraindik ere zenbait erresistentzia gune bakan, baina, joan den asteazkenetik, Ukrainaren esku dago Londresen zabalera halako bi neurtzen duen eremua [3.000 kilometro koadro inguru]», azaldu du ministerioak, ohar batean. Haren arabera, Ukrainan dauden soldadu errusiarrak defentsa lanetan jarriak ditu Moskuk.

Izium da Ukrainak berreskuratu dituen hirietako bat. Sei hilabetean egon da hura errusiarren kontrolpean, otsailetik. Tarte horretan mila lagun inguru hil dituztela zabaldu du Ukrainak. «Hiria erabat hondatuta dago, azpiegituren %80 erabat suntsituta, baita berogailu sistema ere», adierazi du Maksim Strelnikov zinegotziak, telebistan eginiko agerraldi batean. Haren esanetan, herritar askok ez dute osasun artarik jaso tarte honetan. Egun 10.000 lagun bizi dira Iziumen, gerra hasi aurretik baino bost aldiz gutxiago.

Ukrainako diputatu Inna Sovsunen esanetan, Iziumen ez ezik, hildakoak izan dira beste hiri batzuetan ere. Berreskuratutako beste hainbat eremutan, zibilen gorpuak aurkitu dituzte, asko tortura zantzuekin. Hrakoven, esaterako, bi gorpu aurkitu zituzten zibilez jantzita eta hobi komun batean lurperatuta. Lekukoen arabera, soldadu errusiarrek gorpuak lurperatzera derrigortu zituzten herritarrak.

Tropei hornigaiak eramatea da Khersonen Errusiaren arazo nagusia; izan ere, hainbat zubi suntsitu ditu aurreko asteetan Kievek. Ondorioz, Moskuk behin-behineko pasabideak jarri behar izan ditu Dnipro ibaian, frontean dauden militarrei beharrezko armak eta elikagaiak eraman ahal izateko. Hala jakinarazi du Londresek.

Kharkiveko azpiegitura zibilak bonbardatuz erantzun dio Moskuk kontraerasoari. Hiriko alkate Ihor Terekhovek herenegun salatu zuenez, argindar sarea eta ur hoditeria suntsitu zituzten erasoek, eta hiriaren zati handi bat edateko urik eta argindarrik gabe utziz. Mendekutzat jo du Kievek erasoaldia. Bonbardaketen ondorioz, ilunpean geratu dira inguruko hainbat hiri, Danipro eta Poltava, besteak beste. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik esan du «eraso terroristak» izan direla, eta gaitzetsi bonbardatutako eremuetan ez dagoela azpiegitura militarrik.

Atzerritik ez ezik, etxe barrutik ere heldu zaizkio kritikak Errusiako presidente Vladimir Putini. Txetxeniako buruzagi Ramzan Kadirovek kritikatu egin du armada azken egunetako atzeraldia dela eta: «Estrategia aldaketarik ez badago, hitz egin beharko dut armadaburuarekin eta gure herrialdeko buruzagitzarekin, bertako egoera aztertzeko». Errusiako Defentsa Ministerioko eledun Igor Konaxenkov izan da bakarra onartu duena tropak erretiratzen ari direla Kharkovetik, baina, haren esanetan, horiek Iziumen bildu eta «Donetsk eskualdearen defentsa indartzea» da mugimenduaren helburua.

Donetsken ere izan da borrokarik azken orduetan. Errusiaren aldeko miliziek salatu dutenez, Ukrainak bonbardaketak egin ditu hainbat hiri eta herritan, eta gutxienez lau pertsona hil dira. Horrez gain, hainbat eraikin erabat suntsituta geratu dira, tartean etxebizitzak ere bai.

Mendebaldeko gobernuak, berriz, armagintza industria estutzen ari dira, ekoizpenak handitu eta azkartu ditzan. Europako Batasuna eta AEBak dira Ukrainaren arma hornitzaile nagusiak, eta otsailean Errusiaren erasoaldia hasi zenetik, milaka milioiko kostua duten armak eman dizkiote Volodimir Zelenskik zuzentzen duen gobernuari. Hain zuzen ere, asteazkenean agerraldi telematikoa egitekoa du Zelenskik AEBetako kongresuan, hango armagintza industriaren arduradun nagusiekin hitz egiteko. AEBek 15.200 milioi euroren armak hitzeman dizkio Kievi.

Zaporizhia

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak jakinarazi du Errusia eta Ukraina prest leudekeela segurtasun eremu bat bermatzera Zaporizhiako zentral nuklearraren inguruan. «Bi aldeak gurekin konprometituta daude, eta galderak egiten ari dira, galdera asko», azaldu du IAEAko idazkari nagusi Rafael Mariano Grossik.

Vienan daude bilduta IAEAko ordezkariak, eta bertan eztabaidatzen ari diren auzien artean daude zenbatekoa behar lukeen segurtasun eremuak eta zer eskumen beharko lituzkeen nazioarteko erakundeak bertan.

NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Ukrainak eskatua dute zentralaren erabateko desmilitarizazioa; Errusiak, ordea, ez du halakorik nahi. IAEAK, berriz, zentraleko instalazioen barruan dituzten armak eta ibilgailu militarrak ateratzeko eskatu dio Moskuri.

Kievek herenegun itzali zuen zentralean martxan zegoen erreaktore bakarra. Aurrez ere beste bi alditan gelditu behar izan dute erreaktorea, eta Ukrainako argindar sarera lotu dute zentrala, oinarrizko lanak egin ahal izateko. Ukrainako iturriek adierazi dutenez, gauza bera egin dute oraingoan ere.

Gerrako protagonista nagusietako bat bilakatu da Zaporizhiako zentrala. Izan ere, bi aldeek elkarri egotzi dizkiote haren aurkako erasoak, baina bietako bakar batek ere ez du onartu halakorik. Ordea, Mendebaldeak eta nazioarteko erakundeek behin eta berriz ohartarazi dute isuri bat gertatzeko arriskuaz. IAEAk berak hara egindako bisitaren ostean jakinarazi zuen eraikinetako bik kalte handiak dituztela, eta eskatu zuen segurtasun eremu bat ezartzeko instalazioen inguruan, arriskuetatik babesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.