Hilberria

Jean-Luc Godard zinemagilea hil da, 91 urterekin

'Nouvelle vague' mugimenduaren ordezkarietako bat izan zen, eta hainbat sari jaso zituen; besteak beste, ohorezko Oscar saria, bere ibilbideagatik. «Nekatuta» zegoen, senideen hitzetan, eta suizidio lagunduz hil dela jakinarazi du 'Libération' egunkariak

Jean-Luc Godard, 2020an. JEAN-CHRISTOPHE BOTT, EFE
Inigo Astiz
2022ko irailaren 13a
11:01
Entzun

Olatu oso baten iturburua aipatzea bezala da Jean-Luc Godard aipatzea (Paris, 1930- Rolle, Suitza, 2022). Erabat blaitu du zinemagintza haren jardunak, eta mugarri argia da zinemaren historian. Irudiak ezberdin mintzatzen hasi ziren haren lehen lanez geroztik, eta amaierara arte iraun dio lengoaia zinematografikoarekiko lehia pertsonal eta artistiko horrek. Nouvelle vague mugimenduaren sortzaile izan zen 60ko hamarkadan, eta zinemaren lengoaia auzitan jartzen, eraldatzen eta, aldi berean, elikatzen eman du bizialdi osoa, atzean lan esanguratsu zerrenda luzea utzita: Une femme est une femme (1961), Bande à part (1964), Alphaville (1965), Prénom Carmen (1983), Notre musique (2004), Film Socialisme (2010), Adieu au langage (2014), Le livre d’image (2018)... Eta, era berean, esanguratsua izan da horri esker lortu duen sari sorta eta aitortza ere. Izan ere, ibilbide osoa aitortzeko ohorezko Oscar saria ez ezik, besteak beste, Berlingo jaialdiko bi Urrezko hartz, zilarrezko bat, Veneziako Ohorezko Urrezko Lehoi bat, Canneseko Epaimahaiaren sari nagusia eta Urrezko Palmorria ere jaso ditu. Astearte honetan hil da, 91 urterekin.

Libération egunkariak jakinarazi duenez, gertuko senideak aipatuz, suizidio lagunduz hil da zinemagilea —legala da Suitzan—. Gaixorik ez, baina «nekatuta» sentitzen zela azaldu dute.

«Ez da film politikorik egin behar: politiko egin behar dira filmak». Filmez gainera, behin eta berriz jo dute Godarden gogoetetara artista, idazle, dantzari eta, noski, zinemagileek urteotan guztiotan. «Sagar bat jan egiten duzu, ez ulertu». Eta, beraz, filmetan ez ezik, bateko zein besteko sortzaileek emandako elkarrizketaz elkarrizketa eta aurkezpenez aurkezpen ere hamaika gogoeta pilulatan zatikatuta heldu da haren pentsamendua gizartera. «Ez da nondik hartzen duzun, baizik eta nora eramaten duzun». Tantaz tanta, haren jario zabalaren erakusgarri. «Traveling-a, funtsean, arazo moral bat da». Agortezin. «Zerura begiratzen dudanean, izar artera, desagertu dena besterik ez dut ikusten». Eta guztia, zinemarekin jarraitu bitartean. «Artea, artearen teoriarekin batera. Edertasuna, edertasunaren sekreturekin batera. Zinema, zinemaren azalpenarekin batera».

Kritikari hasi eta zinemagile oso bihurtu

Eta ez da kasualitatea. Zinemagile izan aurretik, zinema kritikari izan baitzen Godard. Eric Rohmer eta Jacques Rivetterekin batera sortu zuen Gazette du cinéma aldizkaria, 50eko hamarkadan, eta Cahiers du cinéma eta Arts aldizkarietan ere argitaratu zituen bere lanak. Eta, neurri handi batean, hor hasi zen nouvelle vague mugimendua indarra hartzen, hortik pasatu baitzen zinemagintzara Godard. Bai bete-betean pasatu ere. Film labur batzuk egin zituen lehenik, eta 1959ean heldu zen haren lehen lan luzea: À bout de souffle. Eta kolpean heldu zen arrakasta.

Ikusle, aditu eta gainerako zinemagileen artean debate biziak ere sortu zituzten Godarden lehen lan haiek. Ordura arte ezarritako kodeak apurtzeko zuen moduagatik. Eta eztabaida sortzaile izaten jarraitu du Godardek ordutik aurrerako tarte osoan ere. Zinema zuzendari, gidoigile, ekoizle, muntatzaile, kritikari, pentsalari eta, tarteka, aktore ere izan baita Godard. Eta, ondorioz, gutxi izango baitira «zinemagile» hitzaren ertz guztiak Godardek bezain osorik bete ahalko dituzten sortzaileak.

Zinema utzi, bideogintza hartu

Bideogintzak eskaintzen zizkion tresnek ere liluratu zuten, eta alor horretara bideratu zituen bere esperimentuak 1974tik aurrera, Anne-Marie Mievillekin batera. 1980ko hamarkadan itzuli zen zinemara gero, eta baita indarrez itzuli ere, Sauve qui peut (la vie) filmarekin.

Bere buruari lan monumentala ezarri zion Godardek 1980ko hamarkadatik 1998. urtera: zinemaren historia kontatzea. Hori da Histoire(s) de cinema saiakera tonuko lan multzoaren muina. Baina, kasu horretan ere, ikuspegia ez da historialari batena, Godardena baizik. Sinadura argiarekin. Joan-etorriko muntatze lan bat sortuz. Collage bat. Autoreak azaldu zuenez, ez baitzen bere asmoa «kronologikoki» soilik aritzea, baizik eta «arkeologikoki» eta are baita «biologikoki» ere.

Palestina, Mao eta 68ko udaberria

Lerratze politiko argi baten historia ere bada zinemagilearena. 1968ko udaberrian, argi lerratu zen Godard. Adituen hitzetan, «politizatu» egin zen haren zinema sasoi hartan, eta Jean-Pierre Gorinekin batera sortutako lanak jartzen dituzte horren frogatzat. Egiletza indibidualari izkin egin, eta Dziga Vertov taldearen ezizen kolektiboarekin sinatuta joan ziren sasoi horretako lanak. Maoista ere izan zen Godard sasoi batez. Izan zen Mozambiken ere, herrialde eratu berriarentzat telebista kate bat sortzeko proiektu azkenean huts eginean. Gerora beste hamaika filmetan zatikatuta amaituko zuen palestinarren aldeko film bat ere egin zuen, Al-Fatah mugimenduaren enkarguz. Eta sonatuak izan dira inguruko zinemagile eta intelektualekin izandako debate eta eztabaidak.

Ezagun da, esaterako, aitzindaritzat zeukan Francois Truffaut zinemagile eta lagunari burgesiaren alde aritzea leporatu ziola. Eta esanguratsua da Rolling Stones taldeari buruz filmatu zuen dokumentalarekin gertatutakoa ere. 1968. urtean izan zen hori ere. Musikariak beren garai historikoan txertatuta irudikatzen zituen collage moduko bat sortu zuen Godardek kasu hartan, eta, hala, musikarien entseguetako errepikapenak erausteaz gainera, besteak beste, pantera beltzen irudiak ere tartekatzen zituen. One + one zuen titulutzat zinemagilearen muntatzeak, baina ekoizleek, muntatze alternatibo bat egin, eta Sympathy for the Devil izenarekin zabaldu zuten lan hura. Aurrestreinaldian, oihuka eta haserre deskribatzen dute Godard sasoi hartako kronikek, film hura ez zela berea esanez, eta indarka atera behar izan zuten segurtasun langileek aretotik, garrasika. «Faxista hutsak zarete denak!».

Zinemagile asko zinemagile bakarrean

Ezin luzeagoa da zinemagileari buruz egindako azterketa, ohar eta gorazarreen zerrenda ere. Olivier Assayas zinemagileak, esaterako, Picassorenaren parean kokatzen zuen Godarden figura. Garaiari erabat lotuta, eta hura gurutzatuz, haren zama guztia gainean hartuta. Pintzela baliatzeko modua etengabe moldatuz. «Dena egiten saiatu da, dena edan du, hainbat zinemagile izan da, hainbat bizitza izan ditu, eta, aldi berean, gainera, haietako batzuk».

Aleka joango dira orain ere hari buruzko anekdota, pasadizo eta elkarrizketa bildumak agertzen. Liberation egunkariak Raoul Coutard zinemagilearen oroitzapena berreskuratu du, esaterako. Ezarritako kodeak nola apurtzen zituen. Bere lehen film luzea grabatzen ari zela Godardek nola zoratzen zuen Suzon Faye lankidea egunero-egunero, hark kamera kokatzeko leku bat proposatu eta berak beste bat aukeratzen zuelako, aldiro. «Suzon gaixoak negar egiten zuen. Gero, gauez, Jean-Lucek loreak helarazten zizkion».

Ugarituz joango dira halakoak egunotan.Olatuaren iturburua desagertuta ere, olatua geratzen baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.