Aralarko larreen kalitatea eskasa dela eta basoak falta direla dio Landarlan elkarteak

Larre antolamendurako plan bat beharrezkoa dela dio elkarteak; joan den astean, abeltzainek protesta egin zuten plana salatzeko.

Aralarko pista bat, artxiboko irudian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
inaut matauko rada
2022ko irailaren 13a
14:31
Entzun

Joan den astean, Aralarko abeltzainek protesta egin zuten Ordizian (Gipuzkoa), euskal jaietan, Enirio-Aralar Mankomunitateko juntak larre antolamendurako plana berrabiarazteko asmoa adierazi ostean. Haien esanetan, abeltzain guztiek errefusatu zuten agintaldiaren hasieran mankomunitateak abian jarri zuen plana, eta gehitu zuten Gipuzkoako EH Bilduk hitzeman ziela plana izoztuko zutela. Hala ere, joan den astean jakin zuten plana berrabiarazteko asmoa zutela, eta horrek samindu zituen.

Gai horrekin lotuta, Landarlan ingurumen elkarteak dio larre antolamendurako plan bat beharrezkoa dela Aralarren, egungo arazoei aurre egiteko. Haien esaneta, uda honetan bero handia egin du, eta euri gutxi, eta horrek Aralarko abereen portaera aldatu du. Bestalde, esan dute mendikateko abereen karga %150ekoa dela, eta larreen kalitatea okertu egiten dela horrela: «Aralarko goi lurretan baso gehiago behar dugu. Abeltzain zein mendizaleoi garbi geratu zaigu uda honetan. Zer esanik ez abereei. Mendi babesle eta babes barruti esaten zaien eremuek legez basotze bidean egon beharko lukete, baina larrea besterik ez dago», adierazi dute. Basoak Aralarko biodibertsitatea, lurzorua eta ura babesteko funtsezkoak direla ere badiote, baita abereentzat ere.

Abeltzainen sindikatuen jarrera ere kritikatu du Landarlanek. Elkarteak dio sindikatuek nahiago dutela Aralarko goi lurretara ur zisternak igotzeko pistak egin, Aralarko lurzorua eta larreen baldintzak hobetu ditzaketen neurriak hartu baino. Hori dela eta, elkartea prest agertu da mankomunitatearekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta sindikatuekin elkarlanean aritzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.