Erresuma Batua

Errepublikazalea izatea 'de facto' legez kanpokoa ote den galdetzen ari dira

Hainbat pertsona atxilotu dituzte egunotan monarkiaren aurkako zeinuak erakusteagatik, Elizabeth II.aren heriotzaren inguruko ekitaldien harira. Talde errepublikazaleek, jazarpena salatu, eta ekintza gehiago iragarri dituzte.

Errepublikazale bat 'monarkia abolitu' mezua erakusten, egunotako protestetan. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2022ko irailaren 13a
18:28
Entzun

«Erresuma Batuan errepublikanoa izatea erabat errespetagarria izan ohi zen. Beraz, zergatik ari dira pertsonak atxilotzen horregatik?». Galdera bota zuen atzo Zoe Williams The Guardian egunkariko zutabegileetako batek.

Izan ere, azken egunotan, Elizabeth II.aren heriotzaren inguruko ekitaldien harira, hainbat pertsona atxilotu dituzte, monarkiaren aurkako mezuak jendaurrean erakusteagatik, Edinburgon (Eskozia) eta Londresen zein Oxforden (Ingalaterra).

Eskoziako hirian 22 urteko gazte bat hartu zuten preso atzo, erregina zenduaren zerraldoa zeraman segizioan, Charles erregeari oihu egiteagatik. Ikusle batzuek batzuek bortizki bota zuten lurrera protestaria, eta Poliziak, erasotzaileak identifikatu beharrean, gaztea atxilotu zuen.

Igandean, 22 urteko emakumezko bat atxilotu zuten Edinburgon, St Giles katedralaren aurrean, Inperialismoa pikutara, abolitu monarkia mezua erakusteagatik. Katedralaren barruan Elizabeth II.aren zerraldoa zegoen.

Bi gazteak epailearen aurrera eraman dituzte.

Horrez gain, 52 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten atzoko desfilean, «bakearen kontra egitea» leporatuta.

Asteburuan, beste emakume bat atxilotu zuten Ez da nire erregea mezua erakusteagatik.

Eta Oxforden 45 urteko Symon Hill eraman zuten preso, eta gero askatu, errege berria aldarrikatzeko agiria irakurri zutenean «Nork bozkatu du?» oihukatzeagatik. Historia irakaslea da Hill, eta zera gaineratu zuen: «Estatuburu bat ezarri digute, geure onespenik gabe».

Paul Powlesland abokatu eta klimaren inguruko ekintzaileak atzo salatu zuen Londresko Parlamentuko plazara joan zela orri zuri batekin, eta polizia bat inguratu zitzaion identifikatzeko eskatzen. Poliziarekin edukitako elkarrizketa grabatu zuen abokatuak, eta hor entzun daiteke agenteak ohartarazi ziola atxilotu egingo zuela paper horretan Ez da nire erregea idatziko balu, horrek «norbait sumin zezakeelako».

«Erreginaren aldeko dolu aldi isil bat ongi dago, baina hori erabiltzea Charlesen koroatzea sendotzeko, eta horren aurkako disidentziari jazartzeko, iraingarria da, eta lotsagarria», idatzi du abokatuak sare sozialetan.

Poliziak 1986ko Ordenu Publikoaren Legea erabili du atxiloketak egiteko.

Powleslanden bideoa bolo-bolo zabaldu ostean, Londresko polizia metropolitanoak mezu bat plazaratu behar izan zuen atzo, agenteei gogorarazteko herritarrek protesta adierazteko eskubidea daukatela.

Protesta gehiago bidean

Adierazpen askatasunaren aldeko hainbat taldek agiriak plazaratu dituzte atxiloketak gaitzesteko. «Monarkiaren abolizioa eskatzea monarkia bezain zaharra da, eta adierazpen askatasunaren giltzarria Erresuma Batuko demokrazian», adierazi du Global Majority Vs Campaign talde atikolonialistak, esaterako.

Atxiloketek protesta egiteko asmoak areagotu dituzte, ordea. Republic taldeak, esaterako, iragarri du monarkiaren aurkako ekintzak areagotuko dituela Charlesen koroatzea hurbildu ahala. Datorren urtean espero da ekitaldi hori egitea.

«Adierazpen askatasuna funtsezkoa da. Eta are garrantzitsuagoa hedabideetan etengabe ari direnean goresten eztabaidarik eta kontsentsurik gabe izendaturiko errege bat».

Taldeak ohartarazi du monarkiak herritarren artean duen sostengua jaisten ari dela azken urteotan, eta abolizioaren aldeko jarrera %25koa dela dagoeneko.

«Disidentzia gogor zapaltzea» bide egokia ez dela ohartarazi du gaur The Guardian-eko beste zutabegile batek, Marina Hydek. «Une honetan, indar erakustaldiak ahultasun erakusgarriak baino ez dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.