Isunak

Europako justiziak berretsi egin du Bruselak Googleri jarritako isunik handiena

Auzitegiak 218 milioi euroan apaldu du Europako Batzordeak 'Android auzian' ezarritako kopurua, eta zigorra 4.125 milioi euroan utzi du.

Margrethe Vestager komisarioa. OLIVIER HOSLET / EFE
xabier martin
2022ko irailaren 14a
10:43
Entzun

Kontsolamendu txikia da Google erraldoiarentzat Europako Batasuneko Auzitegi Nagusiak haren helegitea aintzat hartu izana Android auzian. Soilik zati batean hartu duelako kontuan, eta, modu horretan, Europako Batzordeak lehiaren araudia urratzeagatik jarritako inoizko isunik handiena berretsi duelako. Izan ere, 2018. urtean Margrethe Vestager Lehia komisarioaren lantaldeak AEBetako konpainiari ezarritako 4.342 milioi euroko isuna 4.125 milioi euroan utzi du auzitegiak.

Urte horretan bertan Googlek jarri zuen helegitearen ondorioz iritsi da azken ebazpen hau. Eta ez da azkena izango, gainera, Mountain Viewko konpainiak (Kalifornia, AEB) hala nahi izanez gero, behintzat. Googlek beste aukera bat baitu orain berriro helegitea jartzeko, Europako Batasuneko Justizia Auzitegian. Beraz, ez da amaitu Batzordeak lehiaren arauak urratzeagatik inoiz jarritako isunik handienaren prozesua, baina ezagutu berri den ebazpen horrek indarra eman dio Vestager komisarioak hartutako erabakiari.

Vestager amesgaizto bihurtu da Googlerentzat, 2017tik 2019ra hiru isun erraldoirekin zigortu baitu: 8.257 milioi euro, guztira. Kaliforniako konpainiak, ordea, ez du bakerik lortu oraindik: EBko Lehia komisarioarengandik jaso duen zartada bildumari beste azote bat gehitzeko aukera dago, Google for Jobs lan bilatzailea ere jomugan baitu.

Horiek horrela, epaileek ontzat jo dute Googlek behartu egin zituela erabiltzaileak Android motako sakelakoen eta tableten fabrikatzaileak Google Search eta Google Chrome instalatzera. Hori abusuzko praktika bat izan zela diote ebazpenean, Batzordeak 2018an azaldu zuen moduan. Ebazpenak dio Googlek jakinarazitako arrazoiek ezin izan diotela aurre egin ebidentzia horri.

Dena den, bada epaileek aldatu duten zati bat, Googleri arrazoia emanda. Bruselak Google zigortu zuen sakelakoen fabrikatzaileekin eta sare kudeatzaileekin sinatutako zenbait akordio zirela eta, publizitatearen zati bat baldintzatzen zutelakoan. Bada, epaileek uste dute Lehia komisariotzak ezin izan duela hori frogatu, eta isuna 218 milioi euro apalago bihurtu du.

Batera edo bestera, Googlek esan du «dezepzioa» hartu duela, ebazpena ezagutu ondoren. «Androidek aukera gehiago ekarri ditu denontzat, eta milaka negozio arrakastatsu babestu ditu Europan eta mundu osoan», adierazi du enpresak ohar batean. Halaber, aldarrikatu du Android bideragarria den «kode irekiko sistema operatibo bakarra» dela.

Hego Korean ere bai

Europatik bakarrik ez, Hego Koreatik ere iritsi zaizkio albiste txarrak Googleri azken orduetan. Herrialde horretako Informazio Pertsonalaren Babeserako Batzordeak inoizko isunik handiena ezarri die Googleri eta Metari: 100.000 milioi won (71,7 milioi euro inguru). Batzordeak dio datu pertsonalak metatu dituztela bereak ez diren beste bideetatik, eta online publizitate pertsonalizatua egiteko erabili dutela. Horiek horrela, Googleri 50 milioi euroko isuna dagokio, eta Metari, berriz, 21,7 milioikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.