Futbola

Futbolari irlandar baten protesta Elizabeth II.a gogoratzeko minutu bateko isilunean

Wigan Athletic taldeko jokalari James McClean aldendu egin da partida baten aurretik bere taldekideengandik minutu bateko isilunean, eta burua makurtuta egon da.

James McClean, bizkarrez ezkerrean, taldekidengandik aparte, Elizabeth II.a gogoratzeko minutu bateko isilunean. SKY SPORTS
jon ordonez garmendia
2022ko irailaren 14a
10:57
Entzun

Elizabeth II.a Erresuma Batuko erregina hil zenetik, asko eta asko izan dira dolua erakutsi duten herritarrak, eta horiei eman zaien ikusgaitasuna apartekoa izan da. Baina haren eta monarkiaren kontrako protestak ere izan dira Erresuma Batuan bertan, nahiz eta Polizia horiei jazarri eta mezu errepublikazaleak ezkutatu nahian ari den. Atzo Ingalaterrako Bigarren Mailan gertatutakoa, ordea, ezin izan dute estali. Huddersfield Town eta Wigan Athletic taldeen arteko partidaren atarian, Elizabeth II.a gogoratzeko minutu bateko isilunea egin zutenean, jokalari bat bere taldekideengandik aldendu eta metro batera jarri zen, burua makurturik —goiko argazkian, ezkerrean—. Ez zen keinu hutsal bat izan. Jokalari hori James McClean irlandarra da, Derryn jaioa (Ipar Irlanda), errepublikanoa eta katolikoa.

Eztabaida eragin du McCleanek keinuak. Bi taldeetako jokalariak, bakoitza bere zelaian, besarkatu egin ziren minutu horretan, eta zer esana eman du McCleanen protestak, aparte jarrita. Jokalariak, baina, sekula ez ditu ezkutatu bere ideia politikoak eta horiekin duen konpromisoa. 33 urte ditu, eta, Wigan Athletic taldean jokatzeaz gain, Irlandako selekzioan ere jokatzen du; kapitainetako bat da. Ipar Irlandako selekzioarekin jokatu zuen lehenik, 20 urtez azpiko taldean, baina 2011n selekzio nagusian jokatzera deitu zutenean, uko egin zion Ipar Irlandako selekzioari, «betiko», bera katolikoa zela argudiatuz, eta adieraziz zaleen artean bandera unionistak ikustea eta kanta unionistak entzutea ez zela atsegina beretzat.

Jokalariak, gainera, Derry jaioterriko auzo katoliko bateko mural ezagun bat dauka tatuatuta izterretako batean. You're now enteering Free Derry (Derry askean sartzen ari zara) dio tatuatutako muralak. Protestaren ondoren, sare sozialetan haren kontra egin dute askok, baina zenbaitzuek defendatu egin dute. Izan ere, minutu bateko isilunean taldekideengandik aldendu eta protesta egin zuen arren, parte hartu zuen isilunean, eta, gainera, besoko beltza jantzi zuen. Erabakigarria izan zen partidan McClean, eta Wiganek 1-2 irabazi zuen, bigarren gola sartzeko irlandarrak eman zuen azken pase bati esker. Partida amaitzean, zaleek haren izena oihukatu zuten.

Minutu bateko isilunearen ondoren, Wigan Athletic taldeak sare sozialetan zabaldu zuen momentu ederra izan zela, Elizabeth II.aren irudi batekin batera. Ez zuen aipatu McCleanen keinua. Gero, ordea, partida jokatzen ari zela, txio batean McClean taldekideei besarkatuta gol bat ospatzen agertzen den argazki bat zabaldu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.