Mintzalasai festibalak euskara eta plazera lotuko ditu aurten ere

54 jarduera antolatuko dituzte irailaren 19tik 25era, Baiona, Angelu eta Biarritzeko elkarteekin elkarlanean. Eremu urbanoan euskarari arnasgunea ematea da helburua.

Mintzalasai aurkezteko agerraldia, gaur, Biarritzen. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko irailaren 14a
12:32
Entzun

Euskara plazerarekin. Uste baino gehiago garelako! lelopean, irailaren 19tik 25era iraganen da Mintzalasai festibala Baionan, Angelun eta Biarritzen. Aste oso batez, 54 jarduera proposatuko dituzte, mota guzietakoak, hiru hirietako 51 elkarterekin elkarlanean antolatuak. «Hizkuntza eta plazera lotu nahi ditugu, eta elkarteen lana erakutsi nahi dugu, euskara ikusgarriago egiteko», esplikatu du Viviane Ithursarri Biarritzeko euskara teknikariak, sentsibilizazio lanaren beharra azpimarratuta. Hiru ekitaldi nagusi izanen ditu aurtengo festibalak: kolore festa irailaren 23an, Glisseguna irailaren 24an, eta urteroko besta eguna irailaren 25ean.

Biarritzeko eta Baionako herriko etxeen babesarekin antolatuko dute aurten festibala, ez baitute lortu Angeluko Herriko Etxearekin (Lapurdi) partaidetza berritzea. Bi instituzioetako ordezkariek festibala antolatzen duten eragileen lana goraipatu dute. «Hizkuntza politiken erakusleihoa» da, Anne Pinatel Biarritzeko Hizkuntza Politikarako auzapezordearen hitzetan. «Euskararen biziberritzearen erreferente bat da, iraunkortu behar dena». Xabier Parrilla Baionako hizkuntza politikarako auzapezordeak euskara biziberritzeko eraman behar den «borroka zaila» aipatu du, Biarritzekin abiatu duten elkarlanaren onurak azpimarratuta. Baionako Herriko Etxean euskara zerbitzua indartu dutela jakinarazi du: «Urte guzian biziarazi nahi dugu euskara».

Egun bakoitzari gai bat eman diote Mintzalasai festibalean. Astelehenean, Mugi hadi! lelopean, Ibaialde elkartearekin arraunean aritzea, Biarritzeko Marion lakuko baratzezainekin ibilaldia egitea edo Gaia elkartearekin bote luzeko partida bat jokatzea proposatuko dute. Asteartean, gogoetarako tartea izanen da: euskararen erronkak, euskara aisialdietan, euskara eta feminismoa... Asteazkenean haurren eguna ospatuko dute, txikienentzako ikusgarri eta tailer bat baino gehiago eskainita, eta ostegunean plazera jarriko dute erdigunean, kantu eta arno tailerrarekin eta sukaldaritza tailerrekin.

Ikusi gehiago: Egitaraua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.