Tigray

Hamar pertsona hil dituzte Tigrayn, TPLFk Etiopiari egotzitako eraso batean

Matxinoek su eten bat adosteko intentzioa dute erasoa gorabehera, baina nazioarteari leporatu diote Addis Abebari «presio» ez egitea

Etiopiako armadaren desfile bat, iazko azaroan. EFE
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 14a
13:36
Entzun

Etiopiako Tigray eskualdeko hiriburuan gutxienez hamar pertsona hil dituzte, aire eraso batean. Hori kaleratu du Reuters berri agentziak, Mekelleko ospitale bateko iturriak aipatuz. Hain zuzen, TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteak salatu du Etiopiako armadak hiriburuko auzo bat bonbardatu duela droneekin, eta, instalazio publiko batzuk «suntsitzeaz» gainera, zenbait zibil «hil edo zauritu» dituela. Reutersen arabera, gobernuko eta armadako iturriek ez diete erantzun zer gertatu den azaltzeko eskaerei.

Tigrayko matxinoek AB Afrikako Batasunak gidatutako bake prozesu batean parte hartzeko prest daudela jakinarazi eta bizpahiru egunera iritsi dira eraso horiek. Gobernuak ez du planteamendu horri buruzko iruzkinik egin. Addis Abeba eta TPLF alderdi milizia 2020ko azarotik daude gerran. Aurtengo martxoa eta abuztua artean, bi aldeen arteko su eten bat egon zen, arrazoi humanitarioak tarteko. Ez zen, ordea, elkarrekin adostutakoa izan, eta, duela bizpahiru aste, berriro hasi ziren borrokak.

«Ekintza desesperatu edo koldarrek ez dituzte lehengoratuko erregimenak guda zelaian pairatutako porrotak», adierazi du matxinoen bozeramaile Getachew Redak, Twitterren. Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroa egin du azken erasoen erantzule. Atzo bertan beste eraso baten berri eman zuen. Nazioarteari egotzi dio «bortxatzaileei» behar besteko «presioa» ez egitea. «Baimentzen ari da erregimenak eta haien aliatu eritrearrek odol gehiago isurtzea helburu genozida batekin». Nabarmendu du, halere, Etiopiaren erasoek «adreiluzko murru batekin» topo egin dutela.

Nolanahi ere, menia bat adosteko prest agertu da TPLF. Gainera, orain arte ez bezala, AB Afrikako Batasunak gidatutako prozesu baten parte izateko prest dago. Orain arte kontra azaldu izan da, iritzita ABren Afrikako eremu horretarako agintari Olusegun Obasanjo nigeriarra Abiyren gertukoa dela. Hain justu, nazioarteak bake elkarrizketa batzuk hauspotzeko ahaleginak areagotu dituenean heldu da matxinoen iragarpena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.