ADIERAZPEN ASKATASUNA

Estrasburgoraino iritsi da Pablo Gonzalez kazetariaren salaketa

Poloniak «giza eskubideak urratzen dituela» eta egunero «miaketa umiliagarriak» egiten dizkiotela salatu du, kartzelatik igorritako ohar batean

Pablo Gonzalezen bikotekide Oihana Goiriena eta Gonzalo Boye abokatua (telematikoki), Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko irailaren 14a
16:22
Entzun

'El Salto' hedabideak eman du Pablo Gonzalezen gutunaren berri. Iragan otsailaren 28an Polonian atxilotutako kazetariak ohar bat bidali du Giza Eskubideen Europako Auzitegira, bere egoera azaldu eta Poloniak eginiko «eskubide urraketak» salatzeko.

Zehazki, Gonzalezek salatu du Poloniak egunero urratzen dituela bere giza eskubide oinarrizkoenak, eta «miaketa umiliagarriak» sufritzen dituela egunero. Gainera, esan du prozesu juridiko osoan ez diotela «gutxieneko bermerik» eskaini. Kazetaria behin-behineko espetxealdian da otsailaren 28az geroztik, eta, iragan abuztuan, egoera hori beste hiru hilabetez luzatzeko erabakia hartu zuen Przemysl eskualdeko auzitegiak. Errusiako zerbitzu sekretuen alde lan egitea egozten diote Gonzalezi, baina haren abokatu Gonzalo Boyek jakinarazi zuen Poloniak ez duela horren frogarik topatu: «Frogaren bat edukiko balute, jakingo genuke, mahai gainean egongo lirateke». Halaber, gaitzetsi zuen oraindik ezin izan dutela kazetariarekin hitz egin.

Izan ere, Gonzalez bakartuta dago, eta debekatuak ditu bisitak bere familiarekin eta konfiantzazko abokatuarekin. Espainiako kontsularen eta Polonian ezarri zioten abokatuaren bisitak soilik dauzka baimenduta. Emazte eta seme-alabekin ere gutun bidez soilik komunika daiteke, eta kazetariaren familiak salatu du eskutitz horiek hilabeteetako atzerapenarekin eta zentsuratuta iristen direla.

Otsailaren 28tik preso

Gonzalez otsailaren 28an atxilotu zuten, Przemyslen, Errusiak Ukrainari egindako erasoak sortutako errefuxiatu krisiaren berri ematen ari zela. Errusiako zerbitzu sekretu militarrarentzat lan egitea leporatzen diote, eta hamar urteko kartzela zigorra jar diezaiokete horregatik. Atxilotu zutenean, hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta beste hiru hilabete luzatu zioten maiatzaren amaieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.