Hezkuntza

«EHU hobetzea exijitu» behar dela esan du Ferreirak ikasturtea abiatzeko ekitaldian

Basurtuko Medikuntza Fakultatea lehenesteko konpromisoa hartu du Iñigo Urkulluk, eta unibertsitate sistemaren plan bat agindu du 2023-2026 aldirako. ELA eta LAB sindikatuek, berriz, unibertsitate publikoarentzako finantzaketa handitzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Eva Ferreira EHUko errektorea, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, gaur, Bilbon, ekitaldira sartzen. RAUL BOGAJO / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko irailaren 14a
16:36
Entzun

Ezagutza, komunikazioa eta lankidetza aldarrikatuz abiatu du EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen ikasturtea Eva Ferreira errektoreak, gaur Bilbon egindako ekitaldi ofizialean: «Hiruko horren ondorioz, gizarteak oparoagoak dira, bidezkoagoak eta askeagoak. Gure egitekoa da hori, eta gizarteak hala exijitu behar digu». Prestakuntza eskaintza «sendoa» edukita, laneratze adierazle «onetara» iritsita eta ikerketa emaitza «gero eta hobeak» lortuta, unibertsitatearen argazki ona egin du errektoreak: «EHUren osasuna oso ona da, baina hobe dezakegu, eta hobetzea exijitu behar dugu».

Izan ere, unibertsitatearen osasunak baldintzatzen ditu «herrialdearen aurrerabidea eta garapena», baita zientzia sistemaren osasuna ere, Ferreiraren hitzetan. Hala, EHUren funtzio egituratzailea goretsi du: «Oso ideia ona izan zen gurea bezalako unibertsitate publiko eta generalista bat sortzea, zubi lana egiten baitu ezagutza arlo diferenteen artean, belaunaldien artean, lurraldeen artean, enpresa eta entitateen artean, eta eragile publiko eta pribatuen arteko sinergiak azaleratzen laguntzen baitu». EHU gizartearen erdigunean nahi du errektoreak, eta gizartea EHUren erdigunean; ildo horretan, nabarmendu du unibertsitatean sortzen den ezagutza gizartera iristen dela: «Gure ikerketen onurak jaso ez dituen eskualderik ez duzue aurkituko Euskal Herrian».

Hala ere, «jauzi kualitatibo bat» eman nahi du Ferreirak, batez ere nazioarteko posizionamenduan, eta horretarako unibertsitate plana amaitzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Eta Iñigo Urkullu lehendakariak erantzun dio unibertsitate sistemaren plan berria prestatzen ari direla 2023-2026 aldirako; hor jasoko dituzte EHUrentzako zein unibertsitate pribatuentzako estrategiak. «Hiru printzipiotan oinarrituta dago: euskal gizarteari eta Europakoari unibertsitate zerbitzua bermatzea, unibertsitatearen balio soziala ekartzea eta ikusaraztea, eta inor atzean ez uztea».

Era berean, lehentasunen artean jarri du Basurtuko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea; izan ere, obrak martxan jarri behar zituen enpresak berriki uko egin dio kontratuari, kostuen gorakadaren ondorioz. «Herri proiektu estrategikoa da. Gure konpromisoa irmoa da, eta unibertsitatearekin lanean ari gara sortu diren zailtasunak gainditzeko eta proiektu hau premiaz gauzatzeko», esan du Urkulluk.

Sindikatuak, protestan

Bizkaia aretoaren auditoriumean egin dituzte adierazpenok agintariek, kanpoan sindikatuak protestan zeudela. Langileen kopuruan eta baldintzetan «gabeziak» salatu ditu LABeko ordezkari Gabi Elkoroariztizabalek, eta EHUrentzat baliabide gehiago eskatu ditu: «Unibertsitate publikoak ez du jasotzen autonomia erkidego honetako erakundeetatik behar duen finantzaketa nahikorik, eta horrek ekarri gaitu egoera honetara: plantilla eskasa, ikerketa ganoraz garatzeko zailtasunak...».

Antzera mintzatu da ELAko Amaia Murua: «Kalitatezko unibertsitatea izateko, dirua behar da, eta gero eta finantzaketa gutxiago jasotzen du EHUk». Zehaztu du Europan batez beste BPGaren %0,91 bideratzen zaiela unibertsitate publikoei, baina EAEn %0,40 baino ez dela inbertitzen. «Orain dela hamar urte baino askoz gutxiago: 2008ko krisiaren ondorio latzenak pairatzen ari ginenean, %0,50 ematen zion Jaurlaritzak EHUri. Horrek esan nahi du unibertsitateak ateak itxi behar dituela udan, hotz egiten duenean ez dagoela berotze nahikorik, langileek erosahalmena galtzen dutela eta gizarteak jasotzen dituen onurak ere gutxitzen direla». Jaurlaritzari egotzi dio unibertsitate publikoan «ez sinestea», eta Euneiz finantzatzea —bihar jarriko da martxan ikastegi pribatu hori, 110 ikaslerekin, edukieraren %60an—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.