Migrazioak

Migrazio politika «hiltzaileak» salatuko ditu Europako Parlamentuan Irundik abiatuko den karabana batek

Munduko hainbat txokotatik etorritako kolektiboek mugetako indarkeria eta pertsonak migratzera behartzen dituzten arrazoiak salatuko dituzte Bruselan urriaren 1ean

Martxa iragartzeko igandean Algortako (Getxo, Bizkaia) Ereaga hondartza eginiko 'Itsasoak dakarkiguna' performancea. ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK
jone arruabarrena
2022ko irailaren 14a
16:42
Entzun

Europako Parlamentuaren aurrean protesta egingo dute mundu osotik etorritako 130 kolektibok baino gehiagok —Europakoak eta baita migratzaileen jatorrizko herrialdeetako taldeak ere—, Europan dauden migratzaileen egoera legeztatu dadin eta mugetan giza eskubideak errespeta daitezen eskatzeko. Euskal Herrian, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Mugak Zabalduz Karabanak eta Aita Mari Itsas Salbamendu Humanitarioak karabana bat antolatu dute; irailaren 26an abiatuko da, Irundik Bruselaraino.

Urriaren 1ean egingo dute protesta, Eskubideak. Heriotzarik ez lemapean, eta europarlamentari talde batekin ere bilduko dira. Antolatzaileek azaldu dutenez, eskaera zehatzak egingo dizkiete migrazio prozesuetan giza eskubideak errespeta daitezen; besteak beste, zirkulazio librerako eskubidea eta genero ikuspegia txertatzea: «Europako mugek hiltzen dute, eta hori Europako Batasunak eta gobernuek aplikatzen dituzten migrazio politika hiltzaileen errua da».

Horrez gain, salatu dute migratzaileak ihes egitera behartzen dituzten arrazoietan ere jarriko dutela arreta: «Pertsonak migratzera behartzen dituzte, enpresa transnazionalen erauzketa praktiken, armen merkataritzaren eta, oro har, jarduera neokolonialen bidez».

Horrez gain, Bruselarako bidean eta hurrengo egunetan ere zenbait egitasmo antolatu dituzte mugetako egoera eta migrazio prozesuak ezagutarazteko. Besteak beste, paperik gabeko pertsonen kolektiboekin topatuko dira bidean, eta Latinoamerikako Herrien Goi Bilerako osoko bilkura ere egingo dute karabanan. Tailerrak ere izango dira, eta elkarretaratze batera ere deitu dute etorkinak hartzeko Liejako zentroan.

Hari gorri batez loturik

Igandean aurkeztu zuten egitasmoa, Algortako Ereaga hondartzan urtero egin ohi duten ekitaldian. Hain zuzen, hondartza horretan salatu zuten 2014. urteaz geroztik 28.000 pertsona hil direla Europara iritsi nahian, edo barneko mugetatik igarotzeko ahaleginetan. Bertan azaldu zutenez, Memoriaren Tapakia ere eramango dute Bruselara. Hari gorriz josi dituzte mugetan hildako edo desagertutakoen izenak, tapaki zuriaren gainean. Europako beste herrialde batzuetan ere halako tapakiak josi dituzte, eta guztiak Bruselan elkartuko dituzte irailaren 30ean eta urriaren 1ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.